Udaberriko erremonte profesionaleko txapelketako jardunaldia Lekunberrin jokatuko dute maiatzaren 28an

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 27a, 13:00
Utergak eta Matxin III.ak lehia gogorra izanen dute aitzineko kuadroetan.

Xanti Uterga doneztebarra eta Barricart, Matxin III.aren eta Agirrezabalaren kontra ariko dira igande goizean

Udaberriko erremonte profesionaleko Caixabank Sari Nagusiko final laurdenetako ligaxkako zortzigarren jardunaldia jokatuko dute maiatzaren 28an, igandean 11:00etan Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuan. Dagoeneko finalerdietarako txartela eskuratua duten Xanti Uterga doneztebarrak eta Barricartek, Matxin III.aren eta Agirrezabalaren kontra jokatuko dute.

Egoera arras ezberdinean heldu dira bi bikoteak partida honetara. Utergak eta Barricartek orain arte jokatutako hiru partidak irabazi dituzte eta segurtatua duten finalerdietarako txartela. Matxin III.ak eta Agirrezabalak, aldiz, hirutatik bakarra irabazi dute eta galduz gero, aukera gutti izanen dituzte finalerdietara sailkatzeko. 

Jaialdia hasteko partidan, Zeberio II.a eta Dabid Mitxeo doneztebarra, Aimar Jabalera eta Markel Leatxe doneztebarren kontra ariko dira.
Txapelketa osoko jaialdietan bezala, Lekunberrikoan ere hamar euro ordaindu beharko da (16 eta 22 urte artekoek bortz euro eta ttikiagoek doan) eta sarreran biltzen dena ADANO elkartera bideratuko da. Gainera, Erremonte Fundazioak erremontisten kamisetak zozketatuko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun