«Energia berriztagarrien izenean, multinazionalek finantzatutako eta instituzioek babestutako proiektu txikitzaileak hedatzen» ari direla salatu zuten larunbateko aurkezpenean, baita «makroproiektuek gure bazterrak txikitzen» dituztela gaineratu ere. Taldearen hitzetan, «trantsizio energetikoaren fartsa beraien asmoak aurrera ateratzeko erabiltzen dute, hau da, herritarron bizkar betikoek aberastasuna pilatzeko». Euskal Herri mailan halako kasuak ugaritzen ari direla kritikatu zuten; «eta gure eskualdea ez da salbuespena: Bortzirietan, Leitzan eta Goizuetan, Baztanen... Oraingoan guri tokatu zaigu».
Malerrekan hiru proiektu
Malerrekan egin nahi dituzten hiru proiektuen asmoak ere aipatu zituzten: bat Bortzirietako eta Sunbillako lurretan (Azkua proiektua) egin nahi dute; bertzea Iturengo eta Zubietako lurretan (Galardi eta Arburu eremuetan), eta hirugarrena Ezkurrako, Eratsungo, Beintza-Labaiengo eta Saldiasko lurretan (Irakurri proiektua). Horien gibelean bi enpresa daude: Elicio enpresa belgikarra eta Zelena Renovable enpresa madrildarra.
«Galardi eremuan bortz edo sei haize errota paratzeko asmoa dute. 120 metro luze zutabeek eta bertze 75 metro hegalek; osotara 200 metro»
«Horrez gain, errotak mendira igotzeko 6-12 metroko pistak, plataformak eta zuloak...»
Galardi proiektuaren inguruan ere aritu ziren larunbateko agerraldian: «Zubieta eta Iturengo Galardi proiektuan, Elicio enpresak hainbat lurren informazioa eskatu du. Lur horietan bortz edo sei haize errota paratzeko asmoa adierazi dute. 120 metro luze izanen dituzte zutabeek eta bertze 75 metro hegalek; osotara 200 metro». Horrez gain, errotak mendira igotzeko kamioiendako pistak «izugarri zabaldu» beharko direla kontatu zuten: «6-12 metroko pistak behar dituzte pasatzeko». Haize errotak kokatzeko mendietan egin beharreko «plataformak eta zuloak» ere aipagai izan zituzten: «hamar metroko zuloak behar dira zimenduak paratzeko» eta «sortutako elektrizitatea garraiatzeko eraikiko lituzketen kable egiturak» ere ez zituzten ahantzi.
«Energia ez da gure herrietan geldituko»
Eskura duten informazioa «lausoa» dela aipatu zuten; «herritarroi ez digute helarazi». Baina garbi utzi nahi izan zuten «sortutako energia ez dela gure herrietan geldituko. Ekoizten den energia ezin da pilatu, sare elektrikora bideratzen da merkatuan saltzeko». Gehiago ere bai; «energia horren zati bat atzerrira saltzen da. Pentsa, energia berriztagarrien lurraldea den Nafarroan, sortzen den energiaren ia % 30 atzerrira saltzen da».
«Nafarroan sortzen den energiaren ia % 30 atzerrira saltzen da»
Eta hori guztia «elektrizitatearengatik inoiz baino gehiago ordaintzen ari garen momentuan heldu zaigula» salatu zuten, eta hala, «herritarrak sakelak estutzera behartzen gaituzten bitartean, Iberdrola eta bertze hainbat enpresek inoiz baino irabazi gehiago lortuko dituzte gure bizkar. Mendiak txikitu, ingurugiroa eraldatu, lurrak mugitu, zuhaitzak bota, ur iturriak izorratu, animalia eta gizakionganako eraginak... Pentsa zenbat kalte, bai guregan baita gure paisaian ere, gutti batzuen mesedetarako».
«Herritarrak sakelak estutzera behartzen gaituzten bitartean, Iberdrola eta bertze hainbat enpresek inoiz baino irabazi gehiago lortuko dituzte gure bizkar»
Malerreka Bizirik-eko kideek «herriak eta mendiak bizirik» nahi dituzte, eta «proiektu horien aurka borrokatzeko» sortu dute Malerreka Bizirik plataforma: «Argi dugu trantsizio energetikoa beharrezkoa dela, baina alternatiba ez da espekulatzaileen eskutik etorriko».