Pilota eta bertsoa uztartuz egun ederra izan dute Zubietan

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 22a, 13:00

Bitxiloreak eta Kukuprakak taldeen arteko lehian partida bana irabazi dute eta Bitxiloreek finalerako txartela lortu dute

Ados pilota elkarteak antolatutako Udaberri txapelketako jardunaldia jokatzekoa zen larunbatean Zubietako plazan. Azkenean, eguraldiagatik, igandera atzeratu behar izan zuten. Herriko alaba, Naroa Elizalde Etxekolonea ere aritzekoa zen eta jende asko bildu zen plazara, babesa ematera. Kirol lehiari dagokionez, Bitxiloreak eta Kukuprakak taldeek partida bana irabazi zuten eta lehenbizikoek aski izan zuten finalerako txartela lortzeko. Datorren larunbatean, Zumaian, Mitxoletak eta Kukuprakak taldeen arteko lehiatik aterako da bigarren finalista.

Zubietako jardunaldia hasteko, Ados Pilotako txikiek erakustaldiko partida jokatu zuten, alditik aldira hobetzen ari direla erakusteko. Gero, lau eta erdiko lehian, Bitxiloreak taldeko Ainhoa Ruiz de Infante jaun eta jabe izan zen eta 18-7 irabazi zion Kukuprakak taldeko Naroa Agirreri. Binakako partidan, aldiz, Bitxiloreak taldeko Naroa Elizalde Etxekolonea zubietarrak eta Irantzu Etxebeste Iantzik 14-22 galdu zuten Leitzako Iera Agirre Iturriaga eta Orbegozoren kontra. Halere, banaka lortutako garaipena aski izan dute bitxiloreek finalerako sailkatzeko. Bertsotan ere ederki aritu ziren, Nerea Elustondo bitxiloreekin eta Aitor Sarriegi kukuprakekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun