«Azala zuria edo beltza izan, denak pertsonak gara». Denaren gainetik horixe izan da Marta Indart Elizondo doneztebarrak nabarmendu nahi izan duena. Ofizioz Mendaur Institutuko frantses-irakaslea da, baina hortik aparte, lotura berezia du Senegalekin. Lagun batekin egindako bidaiak ireki zion atea, eta ondoko lau udatan haurrak alfabetatzen aritu zen Gobernuz Kanpoko Erakunde batekin Senegalen. Aurten, berriz bueltatu da teranga edo jendea eskuzabaltasunez hartzeko duen gaitasunagatik ezaguna den herrialdera. Senegalgo bi ikastetxetan eskolak ematen ibili da eta Mendaur Institutuan ere gaia lantzen aritu dira. Esperientzia aberasgarria izan dela aitortu du; eta senegaldarren balioak goraipatu ditu. Orain, hasitako bideari segida ematea izanen da erronka.
Aspaldiko harremana duzu Senegalekin. Zerk erakarrita joan zinen lehenbiziko aldiz?
Barrenetik atera den zerbait izan da. Bertze herrialde bat izaten ahal zen, baina hemen senegaldar batzuk ezagutu genituen eta Senegal izan zen. 2009an edo 2010ean joan nintzen lehenbiziko aldiz, hemen bizi zen senegaldar baten etxera. Baina ordurako garbi nuen Afrikan, kasu honetan, Senegalen, lan egin nahi nuela. Lagun horren emaztearen anaiak Village Pilote Gobernuz Kanpoko Erakundearekin lan egiten zuen eta berarekin harremanetan jarri eta hurrengo udan berriz bueltatu nintzen. Lau urtez, udan, Gobernuz Kanpoko Erakunde horrekin aritu nintzen.
Haurrak alfabetatzeko eskolak ematen aritu zinen...
Bai. Gobernuz Kanpoko Erakunde horrek karrikako haurrekin lan egiten du, eta ni joaten nintzenean hango irakasleak oporrak hartu eta nik segitzen nuen lanean. Beti nerabeekin egin izan dut lan, eta harat joan aitzinetik ttikiei alfabetatzen erakusteko pixka bat ikasten aritu nintzen. Otorduak eta gaua pasatu, dena aterpe batean egiten zuten, eta helburua gero beraien familiengana bueltatzea zen.
Zer moduzko esperientzia izan zen?
Hagitz aberasgarria, nahiz eta beraiek ez zidaten ulertzen eta nik ere ez beraiek, ez baitakite frantsesez. Azken batean, hango irakaslearen lanarekin segitzea zen helburua, eta horretan saiatu nintzen. Laguntza ematea baino gehiago partekatu egin genuela erranen nuke, nik ere beraiekin aunitz ikasi bainuen. Segur aski izan dudan esperientzia hemen islatu izanen da gerora, ni ere aldatzen joan bainaiz bizipen horiekin.
Zer eragin izan dute zuregan Senegalgo egonaldiek?
Nola bizi diren ikusita, hainbat balio eman dizkidate. Orainaldia bizi dute, ez dute bertze aukerarik. Etorkizunean ez dutela pentsatzen erraten dugu, baina nola pentsatuko dute? Orainean bizi dira, eta horrekin aitzinera egin eta tokatzen zaiena onartzen dute. Aunitzetan zein guttirekin zein zoriontsu bizi diren erraten dugu, baina ez da egia. Aski gustura aldatuko lukete egoera, baina baldintzak ez dira batere errazak.
Village Pilote erakundearekin lau udatan ibili ondotik, aurten berriz Senegalekin duzun loturari segida eman diozu...
Bai, lauzpabortz urtez joan gabe egon naiz eta aurten berriz han izan naiz. Banuen aspalditik nire irakasle lanarekin lotuta zerbait egiteko gogoa, eta aurten tokatu da. Bi hilabetetarako soldatarik gabeko baimena eskatu nuen eta hilabete batez bidaiatzen eta hango dantzak, erritmoa eta perkusioa ikasten, eta bertze hilabete batez bi institututan ibili nintzen; Barkedji lizeoan Ibra Sow gaztelania-irakaslearekin lanean, eta Debi-Tiguette kolegioan Amadoy Thiam gaztelania- eta frantses-irakaslearekin.
Zertan aritu zinen?
Ikastetxeetan klaseak eman nituen eta eskolatik kanpo hainbat tailer egin genituen; Batean zein bertzean hagitz gai interesgarriak atera ziren. Debi Tiguette kolegioan, adibidez, ezkontza goiztiarraren inguruan aritu ginen. Eta horren harira inportantea iruditzen zait zenbaterainoko kontzientzia duten erratea, ez dute halakorik nahi. Barkedjin, berriz, lizeoan ez dute urik, ez edateko, ezta komunean ere, eta hori larria da. Berriki suprefetari ura eskatuz martxa baketsua egin dute. Egunero 43 gradutik goiti dituzte, eta 200 edo 300 metrotara dauden etxeetara joan behar dute ura eske. Irakasleek kontatu didatenez, 110.000 bat euroko aurrekontua duten lanak egin beharko lituzkete eskolara ura bideratzeko. Diru aunitz da.
Nola bizi dira?
Hilabete batez irakasleekin bizi izan nintzen eta horixe kontatzen ahal dizut. Bertatik bertara ikusita badakit baldintza hagitz gogorretan bizi direla.Jatekorik ez zaizu faltako, hagitz barneratua baitute dutena partekatzea, baina Barkedjin, izugarrizko beroa dute, martxoan hasi eta zortzi hilabetez 43 gradutik goiti izaten dituzte eta arratsetan ez du freskatzen. Nik logelan ezin izaten nuen lorik egin eta terrazara joan behar izaten nuen. Baldintza horietan bizitzea gogorra da. Gainera, ni epe baterako joan nintzen, banekien bueltan etorriko nintzela, baina beraien egunerokoa hori da eta gaizki pasatzen dute.
Joan aitzinetik Mendaur institutuko ikasleekin ere gaia landu zenuten...
Bai, joan aitzinetik DBHko lehenbiziko eta bigarren mailako ikasleekin gaia lantzen aritu ginen. Itziar Paternain Valencia ikastetxean dagoen bertze frantses-irakaslea, orduan praktikak egiten ari zen Naroa Telletxea Mindegia ikasle ohia eta hirurok landu genuen. Hain zuzen, Naroa izan zen Senegalen nintzela nire ordezkapena egin zuen irakaslea. Helburua lotzen gaituena zer den ohartzea da. Denak pertsonak gara, eta hori da oinarria eta nire helburua. Hortik abiatuta komiki bat egin genuen gure egunerokoan egiten dugunaren berri emanez eta hori Senegalera eraman nuen. Hangoen egunerokotasunarekin konparatuz, badira desberdintasunak, baina baita bat datozen ezaugarriak ere. Malerrekako herriak aurkezteko proiektua ere egin genuen, hemengo dantzak, errezetak... Ni Senegalen nintzela, inauteriei lotutako antzerki bat ere egin zuten hemengo ikasleek.
Kulturartekotasunaren inguruan sentsibilizatzeko eta arrazakeriaren kontrako prebentzioa lantzeko Nafarroako Gobernuaren programan ere parte hartu duzue...
Bai, musikak duen potentziala probestuz, arrazakeriaren kontra prebentzioa lantzea da programaren helburua. Horren harira, Txus San Vicente Doneztebeko institutura etorri zen. Senegalera joatekoa nintzela aipatu nion eta hango eta hemengo ikasleen artean kanta bat egitea interesgarria iruditu zitzaion. Hori bai, Senegalgo ikasleekin hasita, oinarria beraiek eginda. Horretan aritu nintzen Senegalgo gaztetxoekin. Eta Mendaur institutuko ikasleek gauza bera egin dute. Bildutako material guztia Txusi bidali diogu eta hori lotzeko maiatzean edo ekainean bilduko gara berarekin.
Bizimodu hobe baten bila Senegalgo herritar aunitzek uzten du sorterria. Sumatu duzu halakorik?
Bai, eta eskubide osoa dute. Nik ez dut inolako trabarik izan Senegalera joateko, nire pasaportea erakutsi, nire hegaldia ordaindu eta arazorik gabe bidaiatu dut. Beraiek, ordea, ez dute halako erraztasunik. Bisa behar dute, bisa gobernuek ematen dute, eta hori lortzen ez dutenez, alde egiten dute, dakigun edo ez dakigun baldintzetan. Batzuetan bidaia horrek urteak irauten ditu, basamortua edo itsasoa zeharkatzea lortzen badute, noski. Eta zenbat hil diren Bidasoan...
Nola ikusten dute Europa?
«Zer gauza on dituzue?», galdetzen nien hango ikasleei eta dena Europan dagoela erantzuten zidaten. Gauza pila dituztela erraten nien, baina jakitun nintzen egoera pribilegiatu batetik ari nintzela. Batez ere helduek argi dute ez dutela deus, dutena guk hartzen dugulako. Duten aberastasuna ez zaie ailegatzen.
Eta hemengo ikasleek badute egoera horren berri?
Gaia aunitz lantzen dugu, eta etortzeko eskubidea dutela nabarmentzen diet. Hahatay Gobernuz Kanpoko Erakundeko Mamadou Diak bi liburu argitaratu ditu. Horietako baten aurkezpenean izan nintzen Iruñean, eta oroitzen naiz, hasieran Senegalgo herritarrak han gelditzearen aldekoa zela. Azken egonaldi honetan berarekin egoteko aukera izan dut eta dagoeneko iritziz aldatu du. Garbi du etorri nahi duenak horretarako eskubide osoa duela eta gainera baldintzan duinetan egin behar duela bidaia. Beraien aberastasuna han utziko bagenu, bertzelakoa izanen litzateke egoera. Injustizia ikaragarria da; beraien lehengaiak erabiltzen ditugu eta ez diegu honat etortzen uzten.
Gai horren harira kontzientziatzeko behar haundia ikusten duzu?
Bai, denongan. Sentsibilizazioa landu behar dugu, azal kolorea da diferentea duten bakarra eta ez diegu mesfidantzaz begiratu behar. Ni han zuri bakarra nintzen eta ez naiz sentitu mesfidantza horrekin. Denak pertsonak gara eta haiek izugarrizko balioak dituzte, aunitz dute emateko.
Zer ekarriko zenuke handik honat?
Haien balioak. Han ez da inor bakarrik geldituko, beti talde baten parte sentituko da. Ikaragarrizko balioak dituzte: umiltasuna, eskuzabaltasuna, errespetua eta bereziki jende helduari dioten errespetua, elkar zaintzeko duten gaitasuna, familiaren balioa, poza umorea, naturaltasuna... Eta gertatzen dena onartzeko duten gaitasuna ere nabarmenduko nuke. Horrek ez du erran nahi etsia hartu dutenik; ez, dutenarekin aitzinera egiteko duten indarra da. Horrez gain, artea aipatuko nuke. Artista aunitz daude, egurra lantzen dutenak, oihala lantzen dutenak, musikariak... Eta gauzak konpondu eta dena martxan paratzeko abilidade haundia dute. Senegal teranga herrialdea izenez ezaguna da, eta terangak abegitsua erran nahi du, hospitalitatea.
Baduzu bueltatzeko asmorik?
Gustatuko litzaidake. Baina momentuan arnasa hartzeko eta proiektu honi segida nola eman pentsatzeko denbora behar dut. Elkarlan honekin segitu nahi dut, baina ez dakit nola. Orain Txusekin hasi dugun tailer hori akitu nahi dugu, material horri forma eman, eta ondotik, ikusiko dugu. Baditut kontu batzuk buruan eta kontzientziazioa beharrezkoa ikusten dut, baina ekintzetara pasatu nahi dut. Gauza aunitz dituzte, baina baita beharrak ere. Barkedjin, adibidez,ikasgela bakoitzean irakasle bakarrarekin 70 bat ikasle daude, ez dute nahiko ikasgela, eta uraren arazoa ere hor dute. Horiei aterabidea bilatzeko zer egiten ahal dudan pentsatzen ari naiz.
Zein mezu luzatuko zenuke?
Norbait proiektu honetan parte hartzeko prest badago, modu batera edo bertzera bere ekarpena egin nahi badu, nirekin harremanetan jar dadila. Ez gaude denak egoera berean, eta egin dezagun zerbait, ekintzetara pasa gaitezen. Guk ere badugu erantzukizuna.
«Aberasgarria izan da sozialki eta pedagogikoki partekatu duguna»Ibra SOW, Senegalgo Barkedji lizeoko irakaslea «Hagitz hartu-eman aberasgarria izan da, bai pedagogikoki partekatu duguna, baita sozialki egin duguna ere. Proiektu honek segida izatea nahi genuke, eta aukera izanez gero, instituzioen bidez formalizatzea; ikasleek gozatuko lukete. Akaso noizbait Doneztebeko ikasleak Senegalera etor daitezke gu bisitatzera, eta nola lan egiten dugun eta nola bizi garen ikus dezakete. Eta gauza bera egin dezakete hemengoek Doneztebera joanez. Hagitz esperientzia aberasgarria izanen litzateke» |
«Lankidetza luzatzea gustatuko litzaiguke»Amadou THIAM, Senegalgo Debi-TIguette kolegioko irakaslea «Martaren egonaldia hagitz garrantzitsua izan da guretako, alde batetik, gure ikastetxera etorri den lehenbiziko Europako herritarra izan delako, eta bertzetik, lanerako bertzelako metodoak ezagutzeko aukera eman digulako. Hagitz kontent gelditu ginen berak emandako tailerrekin, eta bertzeak bertze, hemen delikatua den gai bat landu genuen: behartutako ezkontza goiztiarra. Aldi berean, ikasleek duten talentua praktikan paratu genuen. Eskerrik asko, Marta, eta espero dugu lankidetza luzatzea». |