Hauteskunde eguna mobilizazio eguna izanen dela nabarmendu dute pentsiodunek

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 16a, 14:00

Hilabeteko hirugarren astelehen guztietan egiten duten bezala, atzo karrikara atera ziren Baztan-Bidasoko pentsiodunak. Pentsio duina, bizi duina. Guttieneko 1.080ko euroko pentsioa orain lelopean Donezteben bildu ziren.

«Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioak egiten hasi zirenetik Guttiengo pentsioa 1.080 euro leloarekin bete dira pankartak. Bortz urte eta erdira doa mugimenduaren ibilbidea, eta oraindik pankarta berdinarekin segitzen dugu». Halaxe adierazi zuten atzo eguerdian Baztan-Bidasoko pentsiodunek Donezteben egindako agerraldian. Baina hortik haratago joanez, «1.080 euro motz gelditzen dela» gaineratu zuten; «bizia izugarri garestitu da, eta horren araberako egokitzapena egin behar da». Hori horrela izanda ere, «guttiengo pentsioa 14 ordainsarietan 1.080 eurokoa izatetik nahiko urruti» daudela salatu zuten. Eta argi utzi nahi izan zuten: «1.080 euroko guttiengo pentsioa ez da nahikoa».

Lan erreformak ere ekarri zituzten gogora. Alde batetik, 2011ko erreforma alde batera uzteko eskatu zuten Baztan-Bidasoko pentsiodunek; «nagusiki pentsioak kalkulatzeko denboraldia 15 urtetik 25 urtetara pasatu zen eta jubilatzeko adin arrunta 65 urtetik 67ra igo». Azken legea ere aipatu zuten: «hobekuntza batzuk biltzen baditu ere, murrizketa berriak dakartza; bertzeak bertze, pentsioak kalkulatzeko denboraldia 25 urtetik 29 urteko kotizazioa kontuan hartzea, nahiz eta aukera daitezkeen bi urte kendu ahal izanen diren».

Pentsioetatik haratago, bertze hainbat arlotan ere herritarren parte hartzea «nahitaezkoa» dela adierazi zuten: «Adinekoen zaintzan, osasungintzan eta ingurumenaren aldeko errespetua lortzeko, agerian gelditu da jendea ez bada mugitzen gabeziek bere horretan segitzen dutela».

Mobilizazio eguna

Eta bide horretan hauteskunde eguna mobilizazio eguna izanen dela azpimarratu zuten pentsiodunek. «Gaurgero argi izan behar dugu zein diren gure aldarrikapenei bizkarra ematen diotenak eta zein bat egiten dutenak, zeinek babesten duten publikotasuna, lan baldintza duinak, zerbitzu duinak eta bizi duinak izateko baldintzak, eta zeinek probesten duten euren posizioa dirua irabazteko, ustelkerian erortzeko eta ate biribil-kariak erabiltzeko». Pentsiodunen hitzetan, «Baztan-Bidasoan ere desberdintasunak nabariak dira; zeinek paratzen duten jendearen zaintza erdigunean, eta zeinek paratzen dituzten gutti batzuk aberasteko baldintzak eta desberdintasunak areagotzeko bideak erdigunean».

«Sistema xahutzaile honekin akitu behar dela» aldarrikatu zuten, eta maiatzaren 28an «jokoan aunitz dugula» adierazi zuten: «Maiatzaren 28a mobilizazio eguna dela diogu, ez baita aski gu botoa ematera joatea. Gure ingurua mobilizatu behar dugu». Maiatzaren 29ko argazki instituzionalaren arabera, «pentsiodunen mugimenduak eta bertze mugimendu eta erakundeek eman beharreko pausoak diferenteak izanen direla» gaineratu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun