Euriari aurre eginez gogotsu ospatu dute Malerrekako Eguna Oizen

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 15a, 12:00

80 urtetik goitiko herritarrak omendu dituzte, tartean ehun urteko Maria Jesus Urroz Ariztegi, eta Saldiasko herriari eman diote datorren urteko antolaketaren lekukoa

Eguraldia ez da lagun izan asteburuan, baina halere, Malerrekako Egunaren hamargarren edizioa ospatu zuten larunbatean Oizen. Aterperik gabe, bi karpa handi paratu zituzten plazan eta bertan egin ziren eguneko ekitaldiak. Eguraldia kontuan hartuta, jendetza handia bildu zen eta 80 urtetik goitiko herritarrak omendu zituzten.

Hain zuzen, Oizek 80 urtetik goitiko hamar bizilagun. Horietatik batzuk (100 urteko María Jesus Urroz Ariztegi, 96 urteko Pakita Eleta Larraioz eta 87 urteko Araceli Larraburu Anzizar) ezin izan zuten etorri, baina Oizko plazan izan ziren Maria Eugenia Mindegia Ariztegi (85 urte), Juan Pedro Goñi Telletxea (85 urte), Miguel Lizasoain Ezpeleta (89 urte) eta Jose Maria Lizasoain Ezpeleta (85 urte) anaiak, Lucio Telletxea Babaze (81 urte), Eugenio Ariztegi Iribarren (89 urte) eta Maria Jesus Arozena Iribarren (84 urte) eta bertan jantz zituzten ospakizuneko zapiak ere.

Aipagarria Maria Jesus Urroz Ariztegik ehun urte beteko dituela aurten. Gaur egun Irunen bizi da eta ezin izan zuen etorri, baina Oizko ostatua kudeatu zuen erretiroa hartu arte.

Euriak ez zuen Oizko giroa zapuztu. Mendaur trikitixa eskolakoen doinuak, joaldunen harat-honatak, dantzarien emanaldiak, buruhandiak, herri bazkaria… Ohiko egitaraua bete zen.

Mus txapelketan Zubietako bikotea garaile

Mus txapelketa ere jokatu zen, herri bakoitzeko txapelketetan garaile suertatutako bikoteekin. Final handian, Zubietako Martuxeneko Jabiertxo eta Mikel Santestebanek irabazi zieten Elgorriagako Oihana Migeltorena eta Anttonio Mariezkurrenari.

Hiru sarien zozketa ere egin zen eta hauek dira zenbaki saridunak: Lehenbiziko saria (Malerrekako produktuekin osatutako saski bat), 2.438 zenbakia; bigarren saria, (Malerrekako produktuekin osatutako saski bat), 0703 zenbakia eta hirugarren saria (Oizko Herriko Ostatuan bi lagunentzako otordu bat), 1.724 zenbakia. Azken hau plazan bertan agertu zen eta Bittoriano Anso eta Marisa izan dira saridunak.

Lehenbiziko bi zenbakien jaberik bi asteko epean agertuko ez balitz, ordezko zenbakiak ere atera dituzte, 1.371 zenbakia (lehen saria) eta 2.986 zenbakia (bigarren saria).

Ekitaldia akitzeko, 2024ko Malerrekako Eguna antolatzeko lekukoa Saldiasek hartu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun