Pilota eta bertsoa uztartuko dituen larunbata izanen dute hurrengoa Zubietan

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 16a, 11:00
Udaberriko pilota txapelketaren jardunaldian garaile izan zen Bitxiloreak taldea. Argazkian, ezkerrea, Etxebeste beratarra eta Etxekolonea zubietarra ageri dira, Nerea Elustondoren bertsoa aditzen.

Adosen Udaberriko bertso-pilota txapelketako jardunaldia eta bertso-afaria izanen dituzte hilaren 20an

Ados pilota enpresak antolatutako Bertso-pilota udaberri torneoaren partida bat Zubietan jokatuko dute maiatzaren 20an. Lehiaketari Altsasun hasiera eman zioten eta final handia Beasainen jokatuko dute ekainaren 2an. Bitartean plazaz plaza dabiltza pilotariak eta larunbatean Zubietan dute hitzordua.

Txapelketa honetan lau taldek parte hartzen dute, talde bakoitzean hiru pilotari eta botilero bat (bertsolaria).  Zubietan Bitxiloreak (Irantzu Etxebeste beratarra, Naroa Etxekolonea zubietarra eta Ruiz de Infante, Nerea Elustondo bertsolariarekin) eta Kukuprakak (Iera Iturriaga leitzarra, Agirre eta Orbegozo, Aitor Sarriegi bertsolariarekin) izanen dira aurrez aurre, 18:00etan hasita.

Bertso-afaria

Ondotik bertso afaria izanen dute, Aitor Sarriegi eta Amaia Agirre bertsolariekin. Txartelak Santxo okindegian eta herriko ostatuan salgai daude. Txartela hartzeko azkeneko eguna maiatzaren 17a, asteazkena izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun