Arantxa Ezkurra Telletxea

«Entseguetan eta kontzertuetan giro ederra izaten dugu beti»

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 14a, 09:00

Orain dela 30 urte etorri zen Ibarratik Doneztebera Arantxa Ezkurra, «lanean hasi nintzen, familia bat osatu nuen eta geroztik hemen nago». Bere lana «izugarri» gustuko du, «baita aisialdian kirola egitea eta abestea ere, eta ahal dudan asteburu guztietan familia bisitatzera joaten naiz Ibarrara». Doneztebeko Mendi Abesbatzan abesten du, eta 2017tik taldeko lehendakaria da.

Mendi Abesbatza

1996an sortu zen taldea, «orduan ni oraindik ez nintzen partaide, baina esan didatenez, urteak pasata taldea hobetuz joan da. Alde batetik, taldeko partaide zirenak esperientzia asko eskuratu dute. Bestalde, kultural musikala duten taldekide berri asko sartu dira eta laguntza haundia izan da taldearentzako».

Ezkurra duela zortzi urte sartu zen taldean; «beti gustatu izan zait musikaren mundua. 12 urterekin solfeoa, bandurria eta akordeoia ikasten hasi nintzen eta Tolosako akordeoilari orkestra batean ere egona naiz 8 bat urtez. Beraz, Mendi Abesbatzari buruz jakin nuenean atentzioa eman zidan eta probatzera ausartu nintzen».

Geroztik, «oso pozik nago taldean eta ez naiz inoiz damutu. Oso ongi pasatzen dugu entseguetan, kontzertuetan eta afarietan, giro ederra eta alaia baitago beti».

Taldeko lehendakari

Abesbatzako lehendakaria da Ezkurra duela sei urte. Hala ere, aitortu duenez, «nahiz eta lehendakaria izan, lan gogorrena Jon Irazoki zuzendariarena da. Lana bereziki zaila da, izaera eta gaitasun anitzeko talde oso bat zuzendu behar baitu. Gainera, bera da lehenik eta behin kontzertuetako kontratazioak antolatzen dituena, obrak prestatzen dituena eta entsegu guztien egitarauak osatzen dituena».

Juntako parte direnek, berriz, bertze ardurak dituzte: «kontratatzen gaituztenekin harremanetan jartzen gara akordioak egiteko, fakturak eta ordainketak egiten ditugu, bidaiak antolatzen ditugu eta urte guztiko kontuak eramaten ditugu, besteak beste».

Herriz herri abesten

51 lagunek osatzen dute abesbatza, 32 urtetik gorakoak, «eta denak gara ingurukoak, Malerreka, Baztan eta Bortzirietakoak». Astean behin elkartzen dira entseatzeko, «eta kontzertu edo emanaldiren bat dugunean entsegu gehiago egiten ditugu aste osoan».

«Eskatzen diguten lekura» joaten da taldea kontzertuak ematera, gehienetan asteburuetan, «eta toki askotan aritzen gara: elizetan, frontoietan, auditorioetan…».

Hala ere, urtero errepikatzen dituzten hainbat kontzertu dituzte: «Doneztebeko Eguberrietako kontzertua, Nafarroaren egunekoa, Emakumearen egunekoa eta herriko bestetan, adibidez. Bertzalde, urtean osoan hiruzpalau kontzertu izaten ditugu Nafarroako Abesbatza Federazioak antolatuak». Hauez gain, «bertze herrietatik kontratatzen gaituzte eta emanaldi berriak sortzen dira. Adibidez, pasa den urtean Donostiako Victoria Eugenia Antzokian emanaldi bat eman genuen eta EITBrekin ere hainbat aldiz egin ditugu kontzertuak». 

«Oso polita da gazteak hain pozik kantatzen ikustea»

Aurten egutegi betea dute; «otsailean Arronizen abestu genuen Moreno Torroba musikariari egindako omenaldian eta apirilean Baluarteko kontzertu sinfonikoan parte hartu genuen. Ekaina inguruan Donezteben kontzertu sakro bat eginen dugu eta aurrerago Lantzen beste emanaldi eder bat aurkeztuko dugu».

Kontzertuetan «hainbat estilotan kantatzen dugu: abesti euskaldunak, elizakoak, sakro, boleroak, ingelesez, klasikoak, modernoak… gainera, gure partaideen artean hainbat musikari daude, tartean txistulariak, pianistak eta akordeoilariak, eta hauekin batera ere abesten dugu».

Etorkizunera begira

2018tik haurrek ere kantatzeko aukera dute Mendi Ttiki abesbatzarekin; «15 haurrek osatzen dute taldea eta gazte gehiago animatzea espero dugu». Eguberrietako kontzertuan helduekin abesten dituzte hainbat kanta eta irakasleak Mendi Abesbatzako kideak dira, «Ruth Etxebeste eta Itziar Irigoien». Beraz, etorkizunean abesbatzak segida izatea espero du Ezkurrak; «oso polita da gazteak hain pozik kantatzen ikustea».

Taldeari dagokionez, «geroz eta hobe abestea gustatuko litzaiguke eta horretan gabiltza beti. Ahots teknikako ikastaroetara joaten gara ia taldekide guztiak. Ikastaro hauek oso ezaguna den Jordi Freixak ematen digu, Koro Sinfonikoen zuzendariak». 

Azkenik, «musikaren mundua gustuko duen jendea etortzera gonbidatu nahi dugu. Urteekin jendeak abesteari uzten dio eta taldekide berriak behar izaten dira. Denok zarete ongi etorriak!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun