Malerrekako Eguna ospatuko dute larunbatean Oizen

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 11a, 10:00

Goizean, Oizko udalak omenaldia eginen die 80 urtetik gorakoei eta arratsaldean Saldiasek hartuko du 2024ko Malerrekako Eguna Saldiasen egiteko ardura

Aitzineko urteetan bezala, egun osorako egitaraua antolatu dute eta goiz goizean hasi eta gaua bitarte zer egin eta zer ikusi izanen da. 08:00etan hasiko da egitaraua mendi martxarekin. Malerrekako gazteak Iturenen elkartuko dira, eta bertatik mendi martxa eginen dute Oizera. Bertan, 10:30ean harrera ekitaldia eginen dute plazan. Malerrekako herrietako ordezkariek hasiera emanen diote egunari, eta gainera Oizko udalak 80 urtetik gorako herritarrei omenaldia eskainiko die.

Hamabi bat badira herrian sortuak, baina denak ez dira Oizen bizi eta zortzik konfirmatu dute ospakizunean parte hartuko dutela. Horien artean aipatzekoa da aurten ehun urte bete dituen bat, Irunen bizi dena eta 65 urtez Oizko ostatua eraman zuena, jubilatu arte. Berari omenaldi berezia eginen zaio.

Horrekin batera, eskualdeko musikariak kalejiran ibiliko dira herrian barna karrikaz karrika. Goizean zehar, 11:00etatik 14:00etara artisauak eta Zubietako talogileak izanen dira plazan. Horrekin batera, bertzelako animazioak ere izanen dira. Iturengo trikitilariak ibiliko dira eta 11:00etatik 12:00etara Doneztebe eta Sunbillako dantzariek emanaldia eginen dute plazan, eta 12:30ean buruhaundiak aterako dira.

Ordu berean, eskualdeko aizkolariek erakustaldia eginen dute eta gero joaldunak ibiliko dira. 14:00etan paella jatea izanen da plazan, eta paellarekin batera, postrea ere banatuko dute. 300 lagunendako prestatuko duten bazkariaren ondotik, Malerrekako mus txapelketako finala jokatuko dute herriko etxeko sabaian, eta tarte horretan, Hauspolariek taldeak emanaldia eginen du plazan.

 

Arratsaldean haurrak protagonista

Haurrentzako jarduerak ere izanen dira arratsaldean. 18:00etan hasi eta 19:30ak bitartean txokolate jatea, eta umeentzako joko eta tailerrak eginen dituzte frontoian. Ordu berean, buru-handiek kalejira eginen dute karrikaz karrika. 20:00etan, zozketa eta mus txapelketako sari banaketa eginen dute eta Saldiasek hartuko du besta hurrengo urtean antolatzeko ardura bere gain.

Eguna bukatzeko, afaria izanen da plazan eta 21:00etan musikak hartuko du lekukoa DJ Laura eta Lurrekin. Otorduetako txartelei dagokionez, egunean berean erosi beharko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun