Asteburu honetan Ados pilota klubeko hiru iturendarrek (Irati Altxu Martin, Janitz Irigoien Altxu, Dunixe Alberro Isasi) eta Iraide Iriarte Petrirena sunbildarrak izugarrizko asteburua izan dute pilotaz gozatzeko.
Martxoan, Ezkio-Itsason I. nesken txapelketa bat abiatu zuten eta Adoseko lau neskei gonbidapena luzatu zieten. Finalera Adoseko bi bikoteak pasatu ziren eta joan den ortziralean, maiatzaren 5ean, Ezkioko besten egitarauaren barrenean hainbat final jokatu ziren. Horien artean, Irati Altxu eta Iraide Iriarte, Janitz Irigoien eta Dunixe Alberroren kontra jokatu zuten finala. Partida polita eta lehiatua eskaini zuten eta Irati eta Iraide suertatu ziren txapeldun. Lerro hauen bidez eskerrak eman Ezkio herriari Adoseko pilotariei aukera eder hau emateagatik eta baita egindako harrerarengatik ere. Esperientzia izugarria izan da.
Larunbatean, berriz, Iruñeko Zabalgune auzoko eguna ospatu zuten. Aurten bigarren aldiz besta hau ospatzen zutela eta berriz ere Ados pilota klubeko lau neska gazteek bertan parte hartzeko aukera izan zuten. Bukaeran, bertako zapia oparitu zieten baita luntx eder bat ere.