Hamalau ahari aurkeztu dituzte Doneztebeko Udaberriko feriako lehiaketara

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 5a, 14:00

Mutur beltzetan Donamariako Zabaltenekoak eta mutur gorrietan Iturengo Zubialdekoak lortu dute lehen saria

Doneztebeko Udaberriko feria hamabosgarren aldiz ospatu da ortziralean, maiatzaren 5ean, Doneztebeko Udalak, Nafarroako Gobernuaren eta Cederna-Garalur elkartearen laguntzaz antolatua. Hamar artzainek 14 ahari aurkeztu dituzte lehiaketara, iaz baino bi buru gehiago. Argazkiak: Alicia del Castillo

Goizeko hamaiketatik eguerdiko ordu batetara hamabosgarren ahari lehiaketa egin da Merkatu Plazan. Lehiaketa honetan, Malerrekako latxa arrazako ahariek parte hartzen ahal dute eta aurten hamalau aurkeztu dira lehiaketara, hamar artzainen eskutik. Lehiaketa ahari mutur gorri eta mutur beltzendako irekia bada ere, zenbait edizioetan gorriak bakarrik agertu dira. Aurten, berriz, bortz ahari muturbeltz eder aurkeztu dira. Horien artean, Donamariako Zabalteneko Joxe Mari Indak aurkeztutakoarentzat izan zen 120 euroko lehen saria, 70 euroko bigarren saria Donamariako Porotxeneko Jose Miguel Lasagaren ahariarendako izan da eta hirugarren saria, 50 euro, Zubietako Azkateko bordako Juan Carlos Mindegiarentzat.

Mutur gorrien atalean bederatzi buru aurkeztu dira eta diru-kopuru bera izan dute saritzat hiru lehenbizikoek. Lehenbiziko saria Iturengo Zubialdeko Isidro Bazterrikak aurkeztutako ahariarentzat izan da, bigarren saria Ezkurrako Etxeneko Jose Luis Mariezkurrenak eskuratu du eta hirugarrena Zubietako Etxekeneko Mikel Mendiburuk. Alfredo Basterra albaitariak, Patxiku Mitxelena zubietarrak eta Xanti Uterga Doneztebeko zinegotziak osatu dute epaimahaia. Sariak banatzen Leire Ortuoste alkatea izan da.

Hamar eskulangile eta behi eta zaldi aziendak

Baina dena ez da ahari lehiaketa izan eta, eguraldia lagun, azienda feria polita gelditu da ortzirale eguerdian, Martin anaiek eta Mikel Mendiburuk aurkeztutako behi eta zaldiekin, baita astoren batekin ere. Gainera, azken urteetan bezala, Bordatxo aldeko aparkalekuan bildu diren eskualdeko eskulangileek ere beraien produktuak atera dituzte eta horrek lagundu du feria giroa ederragoa izan dadin. Eskulangileei dagokienez, Doneztebeko Jose Luis Olaizola eta bere semearen heraldika grabatuak, Doneztebeko Lourdes Goñiren etxeko goxokiak eta erroskilak, Zubietako Flora Santestebanen taloak, Urrozko Mari Mar Torresen kosmetika naturala eta makramea, Zubietako Larraitz Peralen arropa, panpinak, telazko poltsak eta zilarra, Saldiasko Santos Berasainen lohiez egindako panpinak loreontzietan eta harrietan, Donamariako Kattalin Paulen telazko poltsak eta osagarriak, Lesakako Haizea Irigoienen kosmetika naturala, Eratsungo Malu Alvarezen zilar-lanak eta Lesakako Agorlekuko gazta plazaratu dituzte, bertzeak bertze. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun