Oizen eginen dute Malerrekako Eguna maiatzaren 13an

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 4a, 15:30
Malerrekako alkate eta zinegotziak, gaurko aurkezpenean.

Goizean, Oizko udalak omenaldia eginen die 80 urtetik gorakoei eta arratsaldean Saldiasek hartuko du 2024ko Malerrekako Eguna Saldiasen egiteko ardura

Urteroko hitzorduarekin segiz, Malerrekako Mankomunitateak Malerrekako Eguna antolatu du. Aurtengoa, udal hauteskundeak direla eta, ohi baino lehenago izanen da, eta maiatzaren 13an eginen dute Oizen. Malerrekako Mankomunitatean gaur goizean eman dute egun horretarako egitarauaren eta bertze jakingarrien berri Rakel Ariztegi Oizko alkateak eta Jon Telletxea, Beintza-Labaiengo alkate eta Malerrekako Mankomunitateko presidenteak. Malerrekako zenbait herritako alkate eta zinegotziak lagun izan dituzte.

Jon Telletxeak aipatu duenez, hamargarren urteurrena beteko du Malerrekako Egunak eta denen artean elkarlanean egindako lana dela azpimarratu du. Rakel Ariztegi Oizko alkateak aipatu duenez, «bertzeak baino herri ttikiagoa gara, baina ongi moldatzen ari gara prestaketa lanean eta jendea parte hartzeko eta ahal den guztian laguntzeko prest dago». Horretaz gain, gonbidatu berezia ere izanen dutela aipatu du Ariztegik: «Oizen sortu eta aunitz urtez bertan bizitu den pertsona, familia ere bertan du, nahiz eta orain Beran bizi den. 3Dn jostailu ikaragarri bereziak egiten ditu, sinestezinak, umeekin arrakasta handiena dutenak».

Rakel Ariztegi Oizko alkateak eta Jon Telletxea, Malerrekako Mankomunitateko presidenteak eman dute Malerrekako Egunaren berri.

 

80 urtetik gorakoei omenaldia

Aitzineko urteetan bezala, egun osorako egitaraua antolatu dute eta goiz goizean hasi eta gaua bitarte zer egin eta zer ikusi izanen da. 08:00etan hasiko da egitaraua mendi martxarekin. Malerrekako gazteak Iturenen elkartuko dira, eta bertatik mendi martxa eginen dute Oizera. Bertan, 10:30ean harrera ekitaldia eginen dute plazan. Malerrekako herrietako ordezkariek hasiera emanen diote egunari, eta gainera Oizko udalak 80 urtetik gorako herritarrei omenaldia eskainiko die. Alkateak aipatu duenez, hamabi bat badira herrian sortuak, baina denak ez dira Oizen bizi eta zortzik konfirmatu dute ospakizunean parte hartuko dutela. Horien artean aipatzekoa da aurten ehun urte bete dituen bat, Irunen bizi dena eta 65 urtez Oizko ostatua eraman zuena, jubilatu arte. Berari omenaldi berezia eginen zaio».

Horrekin batera, eskualdeko musikariak kalejiran ibiliko dira herrian barna karrikaz karrika. Goizean zehar, 11:00etatik 14:00etara artisauak eta Zubietako talogileak izanen dira plazan. Horrekin batera, bertzelako animazioak ere izanen dira. Iturengo trikitilariak ibiliko dira eta 11:00etatik 12:00etara Doneztebe eta Sunbillako dantzariek emanaldia eginen dute plazan, eta 12:30ean buruhaundiak aterako dira. Ordu berean, eskualdeko aizkolariek erakustaldia eginen dute eta gero joaldunak ibiliko dira. 14:00etan paella jatea izanen da plazan, eta paellarekin batera, postrea ere banatuko dute. 300 lagunendako prestatuko duten bazkariaren ondotik, Malerrekako mus txapelketako finala jokatuko dute herriko etxeko sabaian, eta tarte horretan, Hauspolariek taldeak emanaldia eginen du plazan.

 

Arratsaldean haurrak protagonista

Haurrentzako jarduerak ere izanen dira arratsaldean. 18:00etan hasi eta 19:30ak bitartean txokolate jatea, eta umeentzako joko eta tailerrak eginen dituzte frontoian. Ordu berean, buru-handiek kalejira eginen dute karrikaz karrika. 20:00etan, zozketa eta mus txapelketako sari banaketa eginen dute eta Saldiasek hartuko du besta hurrengo urtean antolatzeko ardura bere gain.

Eguna bukatzeko, afaria izanen da plazan eta 21:00etan musikak hartuko du lekukoa DJ Laura eta Lurrekin. Otorduetako txartelei dagokionez, egunean berean erosi beharko dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun