Apirilaren 24an Elgorriagako bainuetxean hauteskunde sindikalak egiteko aurreabisua sartu zuen LAB sindikatuak. Horrekin batera, hauteskunde sindikaletan aurkeztuko zuen zerrendaren berri eman zion enpresako zuzendaritzari, hautagaitza orria aurkeztuz. Sindikatuak salatu duenez, hori egin ondotik «enpresaren jarrera hagitz erasokorra izan da eta erabaki larriak hartu ditu».
LABek salatu duenez, zerrenda aurkeztu eta bi egunera, zerrendako lehenengo hautagaia lanetik kanporatu du enpresak. Hain, enpresaren zuzendaritza zerrendan aurkezturiko langileak deituz joan da «sindikatuarekiko mesfidantza hedatu eta langileak mehatxatzeko asmoz». Sindikatuaren hitzetan, helburu argi bat du horrek: «Enpresaren begiko ez den edozein hautagaitza oztopatzea, langile ororen askatasun sindikala urratuz».
Bainuetxeko zuzendaritzaren jarrera «gogor» salatu du sindikatuak. «Tamalez, ez da jarrera berria eta garbi frogatzen du bertan ekintza sindikala oso beharrezkoa dela. LABek ez du inolako kanporatze, mehatxu eta jokabide maltzurrik onartuko, eta Elgorriagako bainuetxeari exijitzen dio kaleratutako langilea berehala berriz har dezala eta hauteskunde prozesua normaltasunez eraman dezala».