Ibai Meoki doneztebarrak eskubaloia utziko du denboraldi bukaeran

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 4a, 08:30

Ibai Meokik 300 bat partida jokatu ditu Asobal ligan, horietatik 220 baino gehiago Anaitasunarekin. Hamabi denboralditan ia 400 gol egin ditu. Argazkia: Anaitasuna

Ibai Meoki Etxebeste, 34 urteko jokalari doneztebarrak eskubaloia utziko du denboraldi bukaeran. Horrela iragarri du asteazkenean Iruñean egindako agerraldian. Hamar urterekin Doneztebeko Errekan hasi eta Nafarroako eta Alemaniako hainbat taldetan aritu da eta Helvetia Anaitasunako jokalaria izan da hiru garaietan.

Hamar urterekin hasi zen Errekan eta jubenilak bitarte Doneztebeko taldean aritu zen. Hamazazpi urterekin Iruñeko TID San Antonio taldean hasi zen, garai hartan maila nagusian ari zen Portland San Antonio taldeko harrobiko taldean, hain zuzen. Bi urte eta erdi beranduago, lehen aldiz Anaitasunan aritu zen, utzita, Ohorezko B mailan. Urte eta erdi beranduago berriz ere San Antoniora itzuli zen, lehen taldean aritzeko, Asobal ligan. Bi urte eman zituen San Antonion eta berriz ere Anaitasunara itzuli zen, hiru urtez Asobal ligan aritzeko. Orduan hasi zuen Alemaniako bere ibilbidea, Bundesligako bigarren mailan, bi urtez HG Saarlouis taldean eta bat ThSV Eisenach taldean. Azkenik, Nafarroara itzuli eta 2018-19 denboralditik honat Anaitasunarekin aritu da.

Denera, 300 bat partida jokatu ditu Meokik Asobal ligan, horietatik 220 baino gehiago Anaitasunarekin. Hamabi denboralditan ia 400 gol egin ditu. Alemanian 67 partida jokatu zituen HG Saarlouis taldean (175 gol) eta 30 partida ThSV Eisenach taldean (49 gol).

Maiatzaren 3an, asteazkenean egindako agerraldian iragarri zuen agurra eta alboan izan zituen taldekideak, entrenatzaileak eta Anaitasunako zuzendaritza batzordeko kideak. Denek hitz onak bertzerik ez zituzten izan Doneztebeko zentralarentzat, «pistaren barrenean eta kanpoan eman duen guztiarengatik».

 

«Anaitasuna nire bigarren etxea da»

Ibai Meokik, bere aldetik, Errekako hasiera atzendu gabe, Anaitasuna bere bigarren etxea izan dela eta dela azpimarratu zuen. «Esperientzia ahaztezinak eta une harrigarriak bizi izan ditut hemen. Ia-ia, klub honetan garatu naiz eta benetako lagunak ezagutzeko suertea izan dut. Anaitasuna emozio eta oroitzapen handiko lekua izanen da niretzat beti».

Erretiroari dagokionez, denboraldi hasieran erabakia hartua baldin bazuen ere, azkenean zalantza batzuk izan dituela onartu zuen, «azkenean kosta egin zait urratsa ematea, urte aunitz dira eta pena ematen dit uztea, batez ere taldean dugun giro onarengatik, hortik hasten baikara emaitza onak lortzen. Halere, erabaki egokia hartu dudala uste dut».

Berekin batera, aurten bertze kapitain beterano batek, Carlos Chocarrok utziko du taldea, baina halere taldeak beti aitzinera egiten duela eta orain ere eginen duela aipatu du Meokik, «kalitatea soberan bada talde honetan eta uzten dugunok egiten genuen lana egiteko gai diren jokalariak badira. Konfiantza osoa dut», akitu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun