Zentral eolikoak eskualdean

Eolikoen hitzaldiaren ondotik ekimenari segida ematea erabaki dute Malerrekan

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 3a, 08:30

Eskualdean hainbat proiektu eolikoren berri izan ondotik, gaiaren inguruko informazioa biltzeko Eolikoen aurrean zer? izenburupean solasaldia egin zuten joan den ostiralean Zubietan. Sustrai Erakuntza fundazioko kideek eta Lesakako Endara Bizirik plataformakoek hartu zuten hitza eta ikusmina piztu zuen, hainbat herritako jendea bildu baitzen. Ekimenari segida emateko igande honetan Iturenen bilduko dira.

Sustrai Erakuntzako kideek egungo energiari buruzko hainbat azalpen eman zituzten: kontsumoa, energia mota, ondorioak... Eta Endarako kideek beraien esperientzia elkarbanatu zuten, besteak beste, eolikoek sortuko luketen kaltea nabarmenduz. Gaiari buruzko informazio gehiago bilduta, Malerrekan eta inguruan egin nahi dituzten proiektu eolikoei erantzun nahian, ekimenari segida emateko asmoa dute, eta hala, igande honetan, maiatzaren 7an, 17:30ean Iturenen bilera eginen dute, «hemendik aurrera zein norabide hartu solastatzeko». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun