Izaskun Zubialde zubietarrak, Bakarne Atxukarrok eta Asun Egurzak betiko istorio mitologikoak haurrentzako ipuin bihurtu ohi dute, haien bidez transmititzen diren balioak eta ezaguerak umeek txikitatik barnera ditzaten. Eta, orain, gauza bera egin dute Irulegiko eskuarekin.
Horrela, Denonartean argitaletxearen eskutik liburu-dendetara iritsi den ‘Irulegiko eskua’ hogei orrialdeko liburu karratu batean, hiru emakumek Olbap 8 urteko mutikoaren bizipenak kontatzen dituzte. «Olbap Irulegin bizi zen, inork Classroom-en lan bat aurkeztea zer zen jakin aurretik ere». Horixe da protagonistaren abenturak kokatzen diren garaia.
Lehen hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago, eta 12 euroan jarri da salgai liburu dendetan, bai euskaraz, bai gaztelaniaz.
Idazketan, elkarlanean aritu dira profesional aditu batzuekin. Teresa Lacosta Ramirez arkeologoak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, aurkikuntzaren arduradunak, aholkuak eman dizkiete egileei, ipuina historiarekin ahalik eta leialen izan zedin.
Asmatutako istorioa, benetako testuingurua
«Nahiz eta istorioa asmatua izan, kokatua dagoen testuingurua benetakoa da– azaldu digu Izaskun Zubialdek-. Gure asmoa zen neska-mutilek aurkikuntza horren garrantzia baloratzea, eta ezagutzea nola bizi ginen duela 2.000 urte. Kontatu dugun istorioa benetakoa da, nolabait. Egia da pertsonaia bat asmatu dugula, txikiek haren ikuspuntutik ezagutzeko gertaerak. Baina herrixkaren deskribapenak, biztanleen bizimoduak, eskuaren deskribapenak, gerraren egoerak, eta abarrek arkeologoek azaleratu duten historiari erantzuten diote».
Testuarekin batera, adin-tarte (6-11 urte) zabal baten gustukoak izan daitezkeen irudiak agertzen dira, «irakurketa arinagoa egiteko, eta erakargarriagoa. Gogoan izateko liburu bat izatea gustatuko litzaiguke».
Hau da emakume hauek Denonartean argitaletxearekin argitaratu duten hamargarren lana. Lehendik, mitologiari buruzko sei liburu plazaratu dituzte, balioei buruzko bi ipuin eta 2018ko Euskadi sarietako bost finalistetako bat izatera iritsi zen gazteentzako eleberri bat.
Horrez gain, Izaskun Zubialdek eta Bakarne Atxukarrok Txalaparta argitaletxearen eskutik euskal mitologiari buruzko beste liburu bat argitaratua dute, eta Erein argitaletxeak haurrentzako argitaratutako ipuin bilduma baten egileak dira.