Iratzetik abiatuta papera sortu duen proiektuaren berri eman dute Sunbillan

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 28a, 11:00

Egitasmo berritzailean lanean aritu dira Lanbide Heziketako ikasleak eta gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonak

Bi urteko lanaren ondotik, Iratzetik paperera proiektuak bere emaitza aurkeztu zuen ortzegunean Sunbillako udaletxean. Malerreka Common Zerbitzuak mikro-kooperatiba da egitasmoaren sustatzaileetako bat, baina Errenteriako Don Bosco eta Iruñeko Salestarren ikastetxeak, Gasteizko Conexiones Improbables, Tolosako Paper Eskola, Tecnalia, Cederna eta bertze hainbat erakundek parte hartu dute. Proiektu horren helburu nagusia papera eskuz fabrikatzeari buruzko ezagutza sortu eta transmititzea izan da, bai gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonak bai lanbide-heziketa zikloetako ikasleak ekintzailetza eta laneratzea bultzatzeko tresna gisa.

«Ekimen berritzaile honen bidez, gure mendiak zainduagoak ere ikusi nahi genituzke»

Ortzeguneko aurkezpenean, parte hartu duten ikastetxe eta erakundeekin batera, Nafarroako Enplegu Zerbitzukoak ere izan ziren. Amets Inda Sunbillako alkatea kontent zegoen lortutako emaitzarekin: «Sunbildarrontzat ohore bat da hau bezalako proiektu berritzaileentzat parte hartzea. Aldi berean, honelako ekimenen bidez gure mendiak zainduagoak ere ikusi nahi genituzke».

Proiektuaren koordinatzaile izan den Errenteriako Don Bosco ikastetxeko Mentxu Aiertzaren erranetan, berriz, «Iratzetik Paperera proiektuak ezagutzaren sorkuntza eta elkarbanatzea sustatu du bi urteotan». Papera artisau moduan nola egin duten ere azaldu zuen, «Malerrekatik landarea ekartzen zigutenean, iratze-pasta bat egiten genuen, balio ez duen zurtoina baztertuta. Pasta horretatik zelulosa lortzen da, hori prentsatu eta hedatzen da, paperezko orriak lortu arte».

Bazterkeria arriskuan daudenak gizarteratu eta laneratu

Malerreka Common Zerbitzuak mikro-kooperatibako Isabel Elizaldek aipatu zuenez, «gure lehen helburua papera artisau moduan egiten duen tailer bat egtea izan da, horrela bazterkeria arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko. Proiektu honetan sartu ginen, ez genuelako zerbitzua bakarrik eskaini nahi, berrikuntza sozialera salto egin nahi genuen eta bertze eragileekin elkarlanean, tokiko arazoei irtenbidea eman».

Miren Garate, Iruñeko Salestarren ikastetxeko irakasleak aipatu zuenez ikasleek hiru mugarri izan dituzte: proiektuaren logotipoaren diseinua, inprimatzeko tekniken analisia eta akabailako tekniken ikerketa».

Merkaturatzeko potentzial handia duen produktua

Lortzen den produktuak merkaturatzeko potentzial handia daukala ere azpimarratu zuen Conexiones Improbables enpresako Itziar Puentek, «eta horregatik negozio-lerro berri baten diseinua landu dugu. Honela, Malerreka Common Zerbitzuak gizarteratze eta laneratze arloan enpresa erreferente gisara kokatu daiteke eskualdean». Etorkizunera begira, Europa mailan proiektu berri bat lantzea, material berriak ikertzea edo iratze-paperean nanozelulosa txertatzea aztertzen ari dira, bertzeak bertze.

Aurkezpena akitzeko, iratze-hostoetatik abiatuta papera egiteko prozesua zuzenean erakutsi zuten, baita lortzen diren materialak eta horretarako erabiltzen diren tresnak ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun