Zentral eolikoak eskualdean

Parke eolikoei buruzko solasaldia eginen dute ostiralean Zubietan

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 25a, 16:00

Sustrai Erakuntza Fundazioko kideekin eta Lesakako Endara Bizirik plataformako kideekin 'Eolikoen aurrean zer?' solasaldia antolatu dute Zubietan. Ondotik, eztabaidarako tartea izanen da. Ostiralean izanen da, 19:00etan, Zubietako eskolan. 

Hitzaldiaren antolatzaileek azaldu dutenez, «helburua eolikoen aurrean zer egin izanen da», beraz, behin informazioa jasota eztabaidarako tartea egonen da. Hori dela eta, besteak beste Sunbilla, Ituren, Beintza-Labaien, Zubieta, Saldias, Ezkurra eta Eratsungo herritarrak bilerara joateko animatu dituzte. 

Ez da Zubietan eolikoen inguruan egindako lehen bilera izanen. Apirilaren 5ean, Zubietako Udalak deituta, bilera informatiboa egin zuten estalpean, eta bertan Elicio enpresarekin izandako bilera izan zuten hizpide. Udalak jakinarazi zuenez, Elicio izeneko enpresa udalarekin harremanetan jarri da, herrian haize errotak paratzeko asmoz. Zubietako bi parajetan eragingo luke egitasmoak, Arburun eta Galardin eta besteak beste, zerbait lur-eremuri buruzko informazioa eskatu zion enpresak. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun