Liburuaren Eguna ospatzeko hainbat ekitaldi eginen dituzte egun hauetan Donezteben

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 19a, 19:00

Igandean, apirilaren 23an, izanen da Liburuaren Nazioarteko Eguna, eta hori ospatzeko hainbat ekitaldi eginen dituzte Donezteben egun hauetan. 

Gaurtik hasi eta ortziralera bitarte, Doneztebeko ikastetxe publikoko haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako ikasleak liburutegira joanen dira bisitan. Bertan, liburutegia ezagutzeaz gain, liburutegiak dituen aukera guztien berri izanen dute. 

Lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek sormen tailerra eginen dute, eta gainerakoek, aldiz, ipuin kontaketa izanen dute Haizea Loiraren eskutik. 

Ortziralean, aldiz, Erreka Guraso Elkarteak antolatuta, arratsaldean  hainbat ekintza izanen dituzte. Liburu trukaketa eginen dute, eta horretarako 16:00etan hasita, eta 17:00ak arte  ikasle bakoitzak liburu bat utzi beharko du. Ondotik, bertze bat hartuko du trukean. Horrekin batera berendua izanen dute, txokolate hotza eta bizkotxoak, eta ipuinen zuhaitza ere osatuko dute. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun