300 lagunetik goiti elkartu ziren igandean Donezteben egindako Nafarroako euste zakurraren egunean

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 13a, 19:00

Igandean, apirilaren 9an Nafarroako euste zakurraren 31. urteurrena ospatu zuten Donezteben. 300 pertsona inguru bildu  ziren Gipuzkoatik, Bizkaitik, Arabatik, Kataluniatik, Salamankatik, Errioxatik eta batez ere Nafarroatik etorritakoak.

Argazkiak eta testuak: Miren Martin.

Goizean hainbat jarduera  egin zituzten: herri kirolen erakustaldia, aizkora, harri jasotzea... Hala ere, eguneko momenturik hunkigarriena omenaldia izan zen. Maitasun bereziz, omenaldia egin zioten berriki hil den Egoitz Albizuri elkarteko bazkide eta lagunari. Bere omenez plaka bat paratu zuten, bere zakurra ondoan zela eta gutun bat leitu zioten eta hainbat musika pieza jo zituzten. Azkenik, bazkari herrikoia izan zuten Santamaria jatetxean ekitaldira hurbildu ziren pertsona guztiekin.

Herri kirol erakustaldia egin zuten goizean.

Basati Alaunt arraza ofiziala izateko bidean

1992an basurdeak ehizatzeko nahiarekin, nafar euste arraza bat hautatzen hasi ziren. Hasieran, ehiza funtzionaltasun argia zeukaten arraza gabeko txakurrak erabili zituzten. Modu horretan, funtzionalitate, morfologia eta izaera aukeraketa egiten hasi ziren. Gaur egun, lan eta denbora aunitzen ondotik, Basati Alaunt arraza ofiziala izateko onarpenaren atarian dago. 

Proiektua Arruazuko Xabier Ovejero Ganboak, Valtierrako Pedro Saez de Jauregi Urdanazek eta Doneztebeko Luis Martin San Miguelek hasi zuten, eta proiektuaren ezinbertzeko zati diren dozenaka bazkide gehitu zaizkie. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun