Gutti dira belaunaldiz belaunaldi negozioaren lekukoa hartu eta hainbertze urtez horri kontzen diotenak. Aise erraten da, baina Doneztebeko Ostiz familiak 150 urte daramatza Ostiz Etxea dendan, urteak joan eta etorri, mostradorearen bertze aldetik bezeroen beharrei erantzunez. Hutsetik hasi zuten ibilbidea, Jose Ostiz eta Francisca Elizari bikotea, aukera berrien bila, Iruñetik Donezteben ailegatu zenean. Beraiek egindako oinetakoak salduz urratu zuten bidea, eta 150 urte beranduago familiako laugarren belaunaldiaren esku dago; Carlos Ostiz Apeztegia eta Pilar Olalla Iraeta senar-emazteak dira jabeak. Lehengo eta oraingo kontuak oroituz, goizeko lanaldia akitu berritan, Carlosek urteotako errepasoa egin du.
Aurten 150 urte beteko ditu Ostiz Etxeak. Urte aunitz dira...
Bai... Igual sortu zenetik gehiago ere pasatu izanen dira, baina ez dugu dokumentatua. Familiako batzuek erraten dute gure birratautxik lehenagotik alde egin zuela herritik. Hala ere, urte hasieran anaia zaharrena hil zitzaigun, eta ez dugu ospatzeko alaitasunik izan. Zortzi anaia-arreba gara eta ni gelditu naiz dendan, baina modu batera edo bertzera senide guztiak ibiliak gara dendan, baita semeak eta ilobak ere. Ilusio haundia genuen 150 urteak betetzeko, baina zoritxarrez, momentu txarrean tokatu da.
Zure birratautxi izan zen negozioa ireki zuena. Nola hasi zen?
Jose Ostiz gure birratautxi Aldabakoa (Nafarroa) zen, Iruñetik hurbil dagoen herri batekoa,. Bere arreba ezkondu zenean, hura gelditu zen etxean eta birratautxik bizimodua atera behar izan zuen. Iruñera joan zen eta hantxe ikasi omen zuen zapatariaren ofizioa. Francisca Elizari nire birramatxi ezagutu zuen eta berarekin ezkondutakoan, aukera berrien bila hasi ziren, zapataririk ez zegoen toki bila. Halaxe ailegatu ziren Doneztebera, 1873 aldera, eta birratautxik hemen hasi zuen zapatari ibilbidea. Poliki-poliki, negozioa haziz joan zen.
«Atautxiren garaiko bortzegi botak arrunt preziatuak izan ziren»
Zure atautxik eta amatxik hartu zuten lekukoa eta bortzegi botak ezagun egin zituzten.
Bai, bortz senide ziren eta Anastasio nire atautxik eta Elena Iribarren amatxik hartu zuten ardura. Etxean beti kontatzen zuten bortzegi botak arrunt preziatuak zirela. Bigarren Mundu Gerran mugatik hurbil zeuden alemanak ere etorri omen ziren erostera. Ez zuten gomazko zolarik, larruzkoak ziren eta iltzeak zituzten, eta bere denboran, arrunt famatuak izan ziren. Garai hartan, hiru langile izatera ailegatu ziren. Hortik aparte, atautxi musikaria zen, txistulari haundia, eta Aita Donostiarekin harreman estua izan zuen. Garai haietan herrietako musikaren transmisioa ahoz egiten zen, eta atautxik ordura arte ahoz transmititutako doinuak paperera pasatu zituen, tartean, Doneztebeko Trapatan dantza. Juan Ignacio Ansorena Donostiako Txistularien Bandako zuzendaria lehenbiziko aldiz Doneztebera etorri zenean, ohore haundia zela erran zuen, musikari haundien herria zelako, eta atautxiren izena aipatu zuen. Doneztebeko Musika Bandako zuzendaria izan zen, eta bere zuzendaritzapean garai onak izan zituen bandak. 1918an Iruñeko banden lehiaketa irabazi zuen.
Zure gurasoak negozioaren hirugarren belaunaldia izan ziren...
Bai. Jesus nire aita zapatari lanetan hasi zen. Ana Mª ama Apeztegia burdindegiko alaba zen, ttiki-ttikitatik han lanean ibilitakoa, eta ezkondu zirenean Ostiz Etxean hasi ziren. Baina aitari Nafarroako Kutxan lan egiteko aukera sortu zitzaionean, negozioaren ardura amak hartu zuen eta garai hartan izan zituen dendak aldaketa gehien. Oinetakoak egiteari utzi eta fabrikatutako oinetakoak saltzera pasatu ziren, eta horrekin batera, tabakoa saltzeko lizentzia eskatu eta estanko bihurtu zen. Dibertsifikazio garaia etorri zen eta oinetako denda, estankoa, paper denda eta liburu denda bihurtu zen. Herriko denda zen, itxia izanagatik, tinbrea jo eta atea irekitzen zuten. Belaunaldi bakoitzak bere garapena izan du, garaian garaiko beharren arabera.
Eta zuk laugarren belaunaldiaren lekukoa hartu zenuen. Zergatik?
Zuzenbide ikasketak egin nituen, baina ezkontzea erabaki genuenean, dendan gelditzea erabaki nuen. Ordurako amak langile bat hartua zuen, aita gaixotua baitzen eta arreta behar baitzuen. Ni negozioan lanean hasi nintzenean langile horrekin eta amarekin hasi nintzen. 30 bat urte izanen ditut Ostiz Etxean lanean eta gaur egun emaztea eta biok arduratzen gara. Amak, berriz, posible izan zuen arte segitu zuen.
«Gaur egun bezeroak gauzak segidan nahi ditu, berehalakotasuna eskatzen du»
Aldaketak izan dituzue 30 urteotan?
Batez ere merkatua aldatu da. Lehen, dendan zegoena saltzen genuen, eta orain, momentuan bezeroak nahi duena ez baldin baduzu, ez duzu salduko. Bezeroak gauzak segidan nahi ditu, berehalakotasuna eskatzen du. Lehen, zerbait ez bagenuen amak eskatuko genuela erraten zuen, eta jendeak esperatzen zuen; orain ez. Horrekin batera, lan egiteko modua aldatu da. Lehen lasaiago aritzen ginen eta orain mugimendu gehiago izaten dugu. Bada bertze kontu bat: jendeak, orain, justukoa bakarrik erosten du herrian. Zerbait baldin baduzu, normalena lehenbizi herrian begiratu eta ez badago bertze toki batean erostea izanen litzateke, baina aunitzetan aldrebes izaten da; bertze tokietan begiratu eta ez badago etortzen dira, eta gainera, batzuetan nahi dutena harrapatzen dute. Bertze batzuetan eskatzen dutena izan dezakezu, baina aukera guztiak ez. Biltegi ederra dugu, betea, baina dena ezin eduki.
Garai zailak ezagutu dituzue?
Nik ez, baina segur aski nire gurasoek ezagutuko zuten. Seme-alabei ikasketak ordaindu zizkiguten... Hala ere, ez ziren dendatik bakarrik bizi, aitak bankuan lan egiten zuen. Gure kasuan emaztea eta biok dendatik bizi gara eta konplikatuagoa da. Dendan gutti edo aunitz saldu, kanpoko soldata izatea babes haundia da.
Zein da 150 urte irauteko sekretua?
Umiltasunez eta konstantziarekin lan egitea eta bezeroen beharrei ahalik eta hobekien erantzutea. Nire gurasoek bezero guztiak ongi eta berdin tratatu behar direla erakutsi zidaten, ez direla desberdindu behar. Tratu atsegina eta hurbilekoa ematen saiatzen gara. Eskualdearen zerbitzura egotea izan da beti nire leloa.
«Bezeroei ahalik eta hobekien erantzuten saiatzen gara»
Lanordu aunitz eskatzen ditu?
Bai, ordu aunitz sartzen ditugu. Batzuetan ez gara ailegatzen, baina ahal duguna egiten dugu. Familia izatean gure langileek lana uzten zuten, eta denborarekin, gure haurrak koskortu zirenean, emaztea eta biok ahal genuena egitea erabaki genuen. Gaur egun, denda astelehenetik igandera irekitzen dugu. Larunbat arratsaldetan itxi eta igande goizetan irekitzen hasi ginen eta bizi kalitatea hobetu zaigu. Lehen, igandetan denda ireki ez arren, prentsa banatzen ibiltze nintzen eta orain banaketa utzita, dendan saltzen dugu.
Hainbertze urtez anekdotak ere izanen dituzue...
Anekdota aunitz, baina orain momentuan burura bakarra heldu zait. Amak, aldi batean, saski batean oinetakoen pare solteak paratu zituen saltzeko. Eta bezero bat saskiaren inguruan bueltaka, begira eta begira zebilena ikusi zuen, behin eta berriz. Amak, azkenean, zer gertatzen zitzaion galdetu zion, eta bezeroak ea hanka bakarreko oinetakoa saltzeko zuen galdetu zion. Amak ezetz, barrenean zuela bertze parea.
Zuzenbide ikasketak egin zenituen. Noizbait aritu zara lan horretan?
Abokatu kolegiatua izaten segitzen dut. Lan batzuk egiten hasi nintzen, baina profesionalki norbait defendatzen banuen, bertze aldean zegoenak bere kontrariotzat hartzen ninduen. Dendan lan egiteko ezinezkoa zela konturatu nintzen eta uztea erabaki nuen. Gaur egun, lan bat edo bertze egiten dut, baina gutti, ez dut denborarik.
150. urteurrena ospatzeko ospakizunik eginen duzue?
Gurasoek beti erakutsi zidaten umilak eta diskretuak izaten. Uda aldera igual detaileren bat izanen dugu bezeroekin. Baina harrokeriarik eta ospakizunik gabe; ez da momentu ona.
«Beldurrez eta aldi berean ilusioz ikusten dut etorkizuna»
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Beldurrez eta aldi berean ilusioz. Arrunt baikorra naiz, egun txar bat izan dezaket eta biharamunean ilusio haundiz jaikitzen naiz. Garai konplikatuak dira, baina 1922an nire amatxik atautxiri idatzitako karta batean erran zion bezala, garai haiek ere konplikatuak ziren. Lagun batek, atautxiren musikako partituren artean, amatxik atautxiri idatzitako karta bat harrapatu zuen, ez zutela deus saldu erranez. Ehun urte beranduago berdintsu segitzen dugu. Zailtasunak garai guztietan daude, baina bolada hobea etorriko dela pentsatu behar duzu.
Familiako bosgarren belaunaldirik izanen da?
Zaila ikusten dut. Gure semeak kanpoan ikasten ari dira eta ez dute guk daramagun bizimodurik nahi: hainbertze ordu, oporrik gabe... Ama gazteagoa zenean, igual gehiago joaten ginen oporretan, baina gehienez hiruzpalau egunetarako. Hamabortz eguneko oporrak ezkondu ginenean hartuko nituen, eta geroztik 25 urte pasatu dira. Horrela hazia naiz, bizitzeko modu bat da. Beti eskualdearen zerbitzura egoten saiatu gara, eta aunitzetan guretzat onurarik izan ez arren, zerbitzua ematen saiatzen gara. Horrela interpretatzen dut negozioa.