Mendi Abesbatzako kideek Iruñeko Baluarten abestuko du apirilaren 3an

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 31a, 14:00

Mendi abesbatzako kideek Iruñeko Baluarten abestuko dute astelehen arratsaldean, Iruñeko Gazte Orkestrarekin batera.

Iruñeko Gazte Orkestrarekin batera emanen dute kontzertua astelehenean 19:30ean

Mendi Abesbatzako kideentzako egun berezia izanen da apirilaren 3a, Iruñeko Baluartera joanen baitira astelehen honetan Iruñeko Gazte Orkestrarekin batera kontzertua eskaintzera.

Ekimenean parte hartzeko gonbidapena Nafarroako Abesbatzen Elkartetik iritsi zitzaien Malerrekako abesbatzakoei. Nafarroa osoko abesbatzetako 80 abeslari inguru elkartuko ditu emanaldiak, eta horren muina Mendi Abesbatzako berrogei abeslari baino gehiagok osatuko dute. Abesbatzen Elkartearen apustua izan da Mendi Abesbatza oinarri hartzea, eta horrren inguruan bertze abesbatzetako abeslariak txertatzea, gisa honetako ekitaldiak eskatzen duen abeslari kopurua osatzeko.

Errepertorioa zinez aberatsa izanen da, musikalki zein historikoki balio handia duten egileak eta obrak bilduz: Hilarion Eslavaren Mi bemoleko Meza eta Tu es Petrus, Felipe Gorritiren Miserere Handia eta Iturengo seme Aurelio Sagasetaren Agur Maria.

Aipatu gisan, kontzertuan Iruñeko Gazte Orkestra lagun izanen dute eta bakarlari lanetan Lucía Gómez mezzo-sopranoa, José Luis Sola tenorea eta Iñaki Fresán baxua ariko dira. Guztien zuzendaria Jesus Etxeberria nafarra izanen da.

Sarrerak 15 eurotan eskura daitezke www.baluarte.com webgunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun