Ekitaldiz gainezka joan da Sunbillako Asteburu Kulturala

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 27a, 10:00

Asteburu kulturala ekitaldiz beteriko asteburua izan da Sunbillan. Eguraldia lagun, ortziralean haur jokoekin hasi ziren. Ilunabarrean Gure aldetara, Nafarroako emakume bertsolariak saio ederra eskaini zuten  Saioa Alkaiza, Alazne Untxalo eta Maddi Ane Txoperenak. Entzuleak gustura gelditu ziren. Segidan afari autogestionatua ere izan zuten.

Argazkiak: Iker Gorosterrazu, Eneko Herrera, Maider Petrirena, Nekane Gartzia, Iratxe Mendikoa

Larunbatean, goiz eta arratsalde partean plazan koltxonetak izan zituzten. Giro ezin hobean, bertaratutakoek salto ederrak egiteko aukera izan zuten. Ulibeltzak elkartean, berriz, goizean mus txapelketa jokatu zuten. Hamabi bikotek parte hartu zuten. Sailkapena ondorengoa izan zen: 1. Iker Urroz eta Josune Etxebeste, 2. Joxe Martin Agirre-Joxe Miguel Galain, 3. Nieves Biurrarena- Pattere Galtzagorri eta 4. Tafallako bikote bat.

Arratsaldean, puzgarriena plazan akitu eta frontoira izugarrizko jendetza hurbildu zen herri kirol desafioa ederra ikustera. Bertan gazteek zaharren kontra afaria jokoan zuten. Egin beharreko lana ondorengoa zen: koxkorrak, txingak, zakuak, lasterka, ingudea eta arpana. Desafio ederra izan zen eta hagitz parekatua, zaharrek oraindik ere erakutsi zuten beraien nagusitasuna.

Segida Bustitzen izan zuten, afari eder batekin eta bukaera berriz Ulibeltzak elkartean, DJ Infernuren eskutik.

Igande goizak triste xamar argitu zuen, euriarekin. Baina eguraldi txarrari aurpegi ona paratu eta kuadrilla ttiki batek Zumalekurako irteera egin zuen. Bertara ailegatu eta goxo goxo egon ziren, sua piztua baitzegoen.

Eguerdi partean, erraldoien txanda izan zen. Eguraldiak hobera egin zuen eta tartea aprobetxatu zuten herrian kalejira-poteoa egiteko.

Asteburu borobila izan dute Sunbillan. Zorionak antolakuntzari eta eskerrak eman parte hartzaile guztiei. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun