Doneztebe UEMAko kide da dagoeneko

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 25a, 13:30
  • Gaur goizean batzar nagusia egin dute udalerri euskaldunetako ehun bat alkatek eta zinegotzik Azpeitian, eta lau udal berri onartu dituzte UEMAn: Arrankudiaga-Zollo, Arruazu, Etxebarria eta Doneztebe.
  • Lau udal gehiagorekin, 101 udal izatera iritsi da UEMA. Bete egin da Azpeitiko Soreasu Antzokia, eta bertan izan dira euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkari ugari.

«Euskal Herri euskaldunaren orubeak sendotzea dagokigu udalerri euskaldunoi, eta pauso berriak emango ditugu horretarako»

Iraitz LAZKANO, UEMAko lehendakaria

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok nabarmendu duenez, «Euskal Herria euskalduntzeko bidean, pauso gehiago emateko harrobia dira udalerri euskaldunak, eta euskara indartzeko aukera ez ezik, bideak zabaltzeko ardura ere badute». Horregatik, «ezagutzan egiten ari garen pausoak erabilerara eramateko egiturazko erabakiak hartzeko garaia» dela adierazi du, erakunde publikoei eredugarriak izatea dagokiela gaineratuz: «Herritarrek eman diguzuen ardurari erantzunez, zor dizuegu Euskal Herri euskaldunaren orubeak sendotzea».

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak batzar nagusia egin du gaur goizean Azpeitian, eta Arrankudiaga-Zollo, Arruazu, Etxebarria eta Doneztebeko udalek mankomunitatera gehitzeko egindako eskaerak onartu dituzte batzarkideek. Horrela, 101 udal izatera heldu da UEMA. Inoiz baino udal gehiago dira UEMAko kide, eta guztien artean 305.000 biztanleko lurgunea osatzen dute.

UEMAko kide diren udal berrietako alkateek hitza hartu dute batzarraren amaieran, eta herritarren eta UEMAren ekarpena eskertu ostean, euskara lehenesteko, herritarren aitzinean eredugarri agertzeko eta erabilera areagotzeko ilusioa eta lanerako gogoa agertu dute.

Ekitaldia, erakunde publikoen, euskalgintzaren eta herritarren babes zabalarekin

Batzar nagusia amaitu ondotik, UEMA 100 udal eta hamaika gehiago, bidea zabaltzen lelopean ekitaldia egin du UEMAk Soreasu Antzokian bertan.

UEMA bide urratzaile eta aitzindari izan dela adierazi dute ekitaldian parte hartu duten euskalgintzako zein erakunde publikoetako ordezkariek, eta erabilerari hauspoa emateko erronkari erabaki sendoekin eta elkarlanean heldu beharko zaiola nabarmendu dute, erdaren erauntsipean euskarak bigarren mailan ez geratzeko egiturazko neurriak eta erabakiak ezinbestekoak dituela adieraziz.

Ilaski Serrano eta Antton Telleria kazetariek aurkeztu dute ekitaldia. Estitxu Pinatxo musikariak eman dio hasiera, eta oholtza gaineran izan dira Ines Osinaga, Jon Maia eta Imanol Epelde ere.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak eta Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendariak hartu dute hitza. Biek ala biek udalerri euskaldunen eta arnasguneen garrantzia, UEMAk egindako ibilbidea eta erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu dute.

UEMA: «Aitzindaria, ezinbesteko bidelaguna eta itsasargia»

Ekitaldian ikusi diren bideoetako batean (UEMA, Euskal Herri euskaldunaren orube), hainbat erakunde, eragile eta elkarteetako ordezkariek UEMAren lana eta UEMArekin elkarlanean egindako bidea goraipatu dute. Besteak beste, UEMA aitzindaria, bide-urratzailea eta ezinbesteko bidelaguna izan dela eta dela adierazi du askok. Baita Euskal Herri euskaldunaren ernamuina ere.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak, esaterako, UEMA «zaindu behar dugun eta denon artean indartu behar dugun ekosistema» dela adierazi du, «eragin ikaragarri handia duelako».

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, berriz, UEMAk eta udalerri euskaldunek egunero-egunero euskararen biziberritze prozesuari “sekulako ekarpena” egiten diotela adierazi du, UEMAko kide diren udalerriak etorkizuneko Euskal Herri euskaldunaren ernamuina direla gehitzearekin batera. Antzeko ideia nabarmendu du Dabid Anaut euskara teknikariak ere: «Euskal Herri euskalduna zer izan daitekeen irudikatzeko norabidea eta iparra eman digu UEMAk».

«Euskal Herri euskaldunaren orubeak sendotzea dagokigu udalerri euskaldunoi, eta pauso berriak emango ditugu horretarako»

Iraitz LAZKANO, UEMAko lehendakaria
UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok hartu du hitza ekitaldiaren amaieran. UEMAren sorreran alkate eta zinegotzi izan ziren aitzindariak, mankomunitatearen ibilbidean lehendakari izan direnak, gaur egungo zuzendaritza batzordekideak eta UEMAko langileak izan ditu lagun oholtzan.

Lazkanok UEMAren abiapuntua eta egindako bidea gogoratu du, emandako pausoekin eta izandako zailtasunekin batera. UEMAren eta udalerri euskaldunen ardura aipatu du: «Euskal Herria euskalduntzeko bidean, pauso gehiago emateko harrobia dira udalerri euskaldunak, eta euskara indartzeko aukera ez ezik, bideak zabaltzeko ardura ere badugu udalerri euskaldunok. Baina horretarako behar dugu orube bat, euskara garatzeko aukerak, baita lege-aldetik ere».
 
Azken 30 urtean euskarak izandako bilakaera soziolinguistikoa gogoratu eta horren harira gaur egun udalerri euskaldunek dituzten erronkak ere aipatu ditu: «Aldaketa soziolinguistikoen ondorioz, handitzen ari da ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea, eta hori ezinbestean irauli beharra daukagu, arrakala zabaldu ez dadin». Diagnostikoan, argi hitz egin du, emandako pausoen garrantzia nabarmenduz, baina urrats berrien beharra nabarmenduz: «Udaletan badago zer egina, eta jarraituko dugu horretan, baina lehentasunak eta urgentziak beste eremu batean daude orain. Kontziente izan behar dugu horretaz. Eta mugitu egin behar dugu: inertzia erdararen aldekoa da, eta egoerak mugitzea eskatzen digu, berandu izan baino lehen, eta euskara erabat bigarren mailakoa bihurtu baino lehen».


Herritarrek emandako ardurari erantzunez, udalerri euskaldunetako udalei, alkateei eta udal ordezkariei Euskal Herri euskaldunaren orubeak sendotzea dagokiela adierazi du amaieran, eta UEMAko kide diren udalak horretan ahaleginduko direla aurrerantzean ere, agintaldi berrian urrats sendoak emateko.

Dozenaka haur oholtza gainean direla amaitu da ekitaldia, guztiak Imanol Epelde musikariarekin batera, horrek Exepare Rap ekimenerako sortutako Euskal Herrian euskaraz abestiaren bertsioa kantatuz eta dantzatuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun