Matxin III.ak eta Aimar Saldias oiztarrak Iruñeko Alde Zaharreko erremonte txapelketako ligaxka lider modura akitu dute

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 17a, 09:00

Saldias, Matxin III.a, Garrido epailea, Agirrezabala eta Uterga, atzoko partida hasi aitzinetik. Urdinek irabazi eta lider akitu dute ligaxka.

Ortzegunean jokatutako partidan 35-29 irabazi zieten finalean ere arerio izanen dituzten Xanti Uterga doneztebarrari eta Agirrezabalari

Dagoeneko finalista izanen direla jakin arren, Iruñeko Alde Zaharreko bederatzigarren erremonte profesionaleko txapelketako bosgarren jardunaldia Xanti Uterga doneztebarra eta Agirrezabala, eta Matxin III.a eta Aimar Saldias saldiastarra izan ziren aurrez aurre ortzegunean Labriten. Azken hauek, urdinek, irabazi zuten partida, 29-35.

Hasiera berdinduaren ondotik, urdin kolorea hartu zuen partidak, bortz tanto segidan egin eta 11-10etik 11-15era joan zirenean. Aimar Saldiasek partida bikaina egin zuen, sakearekin min eginez eta Uterga gainetik pasatuz. Gainera, hamaika tanto egin zituen, bere aurrelariak baino bat gehiago. Halere, hamabi tanto egin zituen Utergak eutsi zion partidari 19-20ra bitarte, baina zazpi tanto segidan eginez 20-29koa ezarri zuten urdinek markagailuan. Zerbait hurbildu ziren gorriak, baina azkenean garaipen garbia lortu zuten urdinek (29-35).

Honela, Matxin III.ak eta Saldiasek lider moduan akituko dute ligaxka. Oraindik ligaxkako partida bat falta da, martxoaren 24an Zeberio II.ak eta Ionek, Aimar Jabalera doneztebarraren eta Barricart-en kontra jokatuko dutena.

Fibala, martxoaren 31n, 19:00etan hasita jokatuko dute, berriz ere, Utergak eta Agirrezabalak, Matxin III.a eta Saldiasen kontra.

Ortzeguneko jaialdiko lehen partidan, Zeberio II.a eta Baztanek 30-18 irabazi zieten Oses eta Barricart-i.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun