M8 Emakumearen Nazioarteko Eguna 2023

«Emakumeok geure buruan sinetsi beharra dugu»

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 12a, 08:00

Doneztebeko alkatea da Leire Ortuoste duela bi urte, baina lehenagotik ere ibili izan da herriko kontuetan; «Zubietako herri taldean ordezkoa izatetik zinegotzia izatera pasatu nintzen, eta ondotik alkatetza hartu nuen. Donezteben, berriz, sei urtez izan naiz zinegotzia».

Xanti Uterga aitzineko alkatearekin adostua, bi urte bana eginda partekatu dute aurtengo alkatetza; «ordura arte zinegotzi lanetan aritua nintzen herrian eta alkatetza hartzea pauso handia izan zen. Lidergoa hartzeak errespetua sortzen zidan».

Zubietako alkatea izana bazen ere, «Doneztebeko herri burua izateak, bertze lan, karga eta ardurak suposatuko lituzkeela banekien. Baina emakumeok gobernatzea modu naturalean gertatu behar da, beharrezkoa baita gu aintzat hartzea tokiko bizimoduan eta gizarte osoan». Horregatik, postu hauetako emakumeen egoera «geroz eta hobeagoa» dela dio; «eskualdeko alkatetzetan bortz emakumeak gara, eta geroz eta gehiago gara agintari lanetan. Hori bai, askotan udalera ezagutzen ez nauen norbait hurbiltzean eta alkatetzaz galdetzean, nire ondoan alkate ordea badago, bera gizonezkoa, berari egiten diote lehenengo hitza, alkatea bera dela ustez. Gehienbat hirigintza, mendi edota antzerako gaiak direnean».

Emakumeak «gehiago eskatzen diogu geure buruari, pauso bakoitza neurtuz eta baloratuz. Geure buruan sinetsi beharra dugu, iruzurgilearen sindromea alboratuz eta behar bezain onak ez garenaren ideia baztertuz. Ezin dugu ukatu sistema androzentrikoan bizi garela, gizonezkoentzako egindako mundu batean. Lan asko egin behar izan dut neure burua indartzeko eta hainbat arlotan neure lekua izateko».

Pausoz pauso, «berdintasunetik geroz eta hurbilago» gaudela dio, «baina oraindik lan handia dago egiteko. Adibidez, Donezteben lan egiteko adina dutenen artean, urtarrileko datuek erakusten dute emakumeen langabezi tasak gizonezkoena bikoizten duela. 25 eta 44 urtekoen artean, emakumeena gizonena baino lau aldiz handiagoa da. Errealitatea hau dugu, eta dudarik gabeko heldu beharreko datua da. Hurrengo legealdian egiteko lanen artean gelditu da». Hala ere, herriko elkarteetako ordezkarien artean «geroz eta emakume gehiago daude: merkataritzan, abesbatzan, institutuan, Osasun Etxean…»

Martxoaren 8ra bueltan, «aurten bat egin dut Nafarroako Gobernuak proposatutako leloarekin: Zuregatik. Guztiengatik. Lanean ari garen emakumeak denontzat ari gara, gizarte justuagoa eta demokratikoagoa eraikitzen. Aitzineko emakumeen ahalegina ospatuko dugu. Haiek zirelakoz orain bagara, eta gero izanen dira».

Etorkizunean «parekidetasuna benetakoa izan dadin, neska eta mutikoen heziketa parekidea sustatu behar da familietan, lantokietan eta erakundeetan. Gurekin batera arituko diren mutil berdinzaleak hezteko erronka daukagu, beraiek ere bizi dugun gizarte estereotipatuaren galtzaileak baitira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun