M8 Emakumearen Nazioarteko Eguna 2023

Emakumearen Eguneko kontzertu berezia eskainiko du Mendi Abesbatzak Donezteben

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 10a, 14:00

Mendi abesbatzak eliz atarian eskainiko du Emakumearen Eguneko emanaldi berezia larunbat eguerdian.

Larunbatean 12:30ean hasiko da emanaldia eliz atarian

Doneztebeko Mendi abesbatzak Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruko kontzertu berezia eskainiko du martxoaren 11n, larunbatean,12:30ean Doneztebeko eliz atarian. Malerrekako Mankomunitateak antolatuta, kontzertuan emakumezkoek abesbatzetan daukaten garrantzia itzela azpimarratuko da eta horretarako, errepertorioa arretaz aukeratu dute.

Emakumeek bakarrik hasiko dute emanaldia, Izar Ederra eta Txiki-txikitik kantuak a capella abestuz. Ondotik gizonezkoak elkartuko zaizkie, baina beti ere, emakumeak erdigunean duten kantak aukeratuz: Benito Lertxundiren Nere herriko neskatxa maite, Eduardo Mokoroaren Sorgin dantza, Rosanaren Si tu no estás aquí, Haurrak lotaratzeko soinua herrikoia eta Mixel Ducau eta Caroline Philips-en Lurra tarteko. 

Emanaldi laburra borobiltzeko, Uxue Alberdi eta Mikel Markezek sorturiko Konplize ditut eta kantari abesbatzak berak egindako moldaketa abestuko dute.

Jon Irazokiren zuzendaritzapean abestuko du Mendik, Ruth Etxebestek joko du pianoa eta Bixi Ameztoi, Loli Salaberri eta Alicia Telletxea izanen dira bakarlariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun