Patxi Urroz Telletxea

«Pertsonak jartzen ditugu erdigunean»

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 18a, 08:00

Beharrean dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko helburuarekin sortutako mikrokooperatiba da Malerreka Common Zerbitzuak. Kooperatibako bazkidea eta sortzaileetako bat da Patxi Urroz, eta zuzendari lanak egiteaz gain, lorezaintzako lanez arduratzen da, bertzeak bertze. 

Zerbitzu anitzak

Duela bi urte sortu zen kooperatiba: «lagun batzuk elkartu ginen eta eskualdean gizarteratze enpresarik ez zela eta beharra bazegoela ikusita, animatu ginen. Azken urteetako nire esperientziaz baliatuz, lorezaintzako lanei heltzen ahal geniela erabaki genuen».

Lorezaintzako eta mendiko lanak egiten dituzte; «sasi eta bide garbiketak, kimatze lanak, landaketak, mantentze lanak…». Baztan, Malerreka, Bertizarana eta Bortziriak inguruetan egiten dute lan batez ere, «baina Gipuzkoara, Iruñerrira eta Iparraldera ere joaten gara». Gaur egun, Lafitte enpresarekin elkarlanean ari dira Arraiozen dituzten mintegiak berreskuratzen, eta bertan dute egoitza.

«Bideak zabalduz aukerak sortuz» da kooperatibaren leloa: «pertsonak jartzen ditugu erdigunean». Aldi berean, «goi mailako profesionalez gidatuak eta bertze enpresekin elkarlanean, lana ahalik eta hobekien egitea eta bezeroei behar bezala arreta ematea dugu helburu».

Gizarteratzea eta ekologia

Gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonekin egiten dute lan; «gizarte zerbitzuetako teknikariekin lan egiten dugu eta guk ere gizarte teknikari bat dugu». Lana eskaintzeaz gain, «bertze baliabideekin laguntzen diegu langileei; formakuntza, gizarteratzea eta batez ere bakoitzari bere beharretan laguntzen». Guttienez sei hilabete eta gehienez hiru urte egiten dute lan bertan: «epe horretan konpromiso batzuk hartzen dituzte, eta gu eskualdeko enpresekin harremantzen gara bertze lan aukerak bilatzeko».

Gizarteaz gain, ingurumenaz ere arduratzen dira; «lurrak gaur egun probesten ez ditugun baliabideak ematen dizkigu. Iratzea, adibidez, gero eta guttiago erabiltzen dela ikusi genuen, eta hainbat erakunderekin elkarlanean, iratzearekin papera egiteko aukerak aztertzen ari gara». Gainera, lorezaintza lanetatik ateratako hondakinak hobe kudeatzeko eta azpiproduktuak sortzeko aukerak aztertzen ari dira; «gizarteak hondakinak guttitzeko eta sortutakoa berrerabili edo birziklatzeko erronka geurea egiten dugu. Eskualdearekin eta trantsizio ekologikoarekin konprometituak gaude, bertze erakundeekin lan egiteko prest».

Izan ere, inguruko mendiak, basoak, bideak eta soroak zaintzea «beharrezkoa» ikusten dute; «modu jasangarrian kudeatzea geroz eta beharrezkoagoa da eta gure ekarpena egin nahi dugu». Honekin «lehen sektoreak egiten duen lana» balorean jarri nahi dute.

Azkenik, «edozein gurekin harremanetan jar daiteke egin nahi duten lana ikusteko eta aurrekontua konpromisorik gabe prestatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun