Baztan-Bidasoko gazte topagunea antolatu du Ernaik martxoaren 18an Donamarian

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 20a, 17:00

Gabezin taldearekin borobilduko dute Donamarian Baztan-Bidasoko gazte topagunea.

Landa eremuaren etorkizunerako herri alternatiba orain goiburupean Baztan-Bidasoko gazteen eguna ospatuko dute martxoaren 18an Donamarian, hamargarren urteurrena ospatzen duen Ernai gazte erakundeak antolatuta.

Goizean hasita pilota partida, mahai-ingurua, bazkari herrikoia, Gazte Topagunearen bertso aurkezpena, tailerrak, tonbola KM0, batukada eta kontzertuak izanen dituzte. Xabaltx eta Burutik taldeen emanaldien ondotik, Gabezin erromeria taldeak joko du. Bazkarirako txartelak 15 eurotan salgai daude Donamariako Ostatuan, Xarmant ostatuan (Doneztebe), Txokoto ostatuan (Elizondo), Arranon (Lesaka) eta Katakun (Bera).

Ernaiko kideek adierazi dutenez, «eskualdeko gazteok elkarrekin hausnartu, ikasi eta ederki pasatzeko topagunea izanen da, landa eremuaren etorkizunerako herri alternatiba behar dugulako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun