Ortziralean Arronizen eginen den kontzertu lirikoan parte hartuko du Mendi abesbatzak

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 21a, 10:00

Mendi abesbatzak Arronizen kantatuko du ortziralean.

Zarzuela errepertorioa izanen da nagusi, Federico Moreno Torroba Maisua oroitzeko balio izanen duen emanaldian

Otsailaren 24an, ortziralean 19:30ean Arronizko elizan kontzertu berezia emanen dute. Bertan Zarzuela errepertorioa izanen da nagusi eta genero honetan konpositore garrantzitsuenetarikoa izan zen Federico Moreno Torroba Maisua oroitzeko balio izanen du eta Mendi abesbatzak ere parte hartuko du.

Kontzertuko protagonistak hainbat izanen dira: Dorota Grzeskowiak sopranoa, Eduardo Zubikoa Tenorea eta Jon Irazokik zuzendutako Doneztebeko Mendi Abesbatza, denak Daniel Gutiérrez piano jotzaileak lagunduta. Eta tartean sorpresaren bat ere izanen da.

Programa

Programari dagokionez, aipatu konpositorean lanak izanen dira nagusi. Horietako zenbait, musika zaletuen artean benetan ezagunak, tartean Luisa Fernanda, La Marchenera eta La Chulapona Zarzueletako hainbat doinu: Ese pañuelico blanco, De este apacible rincón de Madrid, La Petenera...

Emanaldia borobiltzeko, bertze maisuen obrak ere tartekatuko dituzte, hala nola Pablo Sorozabalen Goizeko eguzki argiak hunkigarria edota Ensalada Madrileña alaia. 

Kontzertua Arronizko Udalak, Trujal Mendiak, Lizarraldeko Turismo Patzuergoak eta Nafarroako Gobernuak antolatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun