Ernaik Malerrekako gazteen artean egin duen inkestaren arabera, % 14 baino ez da emantzipatu

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 12a, 11:00

Malerrekako gazteek etxebizitzarekin duten egoera zein den ezagutzeko inkesta egin du Malerrekako Ernaik, eta aste honetan datuak zabaldu dituzte. 19 eta 29 urte bitarteko gazteen artean egin dute galdeketa eta horietatik % 48k aitortu du lanean ari dela eta % 22ak ikasten eta lanean ari dela. Emantzipatu nahiko lukeen gazte kopurua ere altua da, % 80k hala nahiko luke, baina % 14ak baino ez du lortu emantzipatzea.

Emantzipatzea lortu duten hamarretik ia zazpi gaztek dirulaguntza bat hartuta edo soldata finkoa edukita emantzipatu dira. Zehazki errateko, % 15 dirulaguntza bati esker; % 35 diru sarrera finkorik gabe eta % 50 soldata finkoarekin.

Ezagun batean etxean

Nola emantzipatu diren ere galdetu diete eta bi herenak aitortu du ezagun bati esker lortu duela etxebizitza eskuratzea. Gainerako % 36ak etxea bere gisa aurkitzea lortu du. Datu gehiago ere eman dituzte: % 36 alokairuan bizi da ezagun baten etxean; bertze horrenbertze alokairua berak bilatutako etxe batean eta % 28k jabetza ezagun baten etxean du.

Emantzipatu nahian

Etorkizunera begira, %55ek hemendik hiruzpalau urtetara emantzipatua egonen dela uste du, eta herrian edo eskualdean emantzipatu nahiko luketen galdetuta, erantzuna argia izan da: hamarretik bederatzik herrian edo eskualdean gelditu nahiko luke bizitzen. Hala ere, gutti dira bertan emantzipatzeko aukerak ikusten dituztenak, % 24 baino ez. Lautik hiruk uste du ez dagoela aukerarik.

Horrez gain, gazteen % 59ren irudiko, eskualdeko herrietan etxe huts aunitz daude eta aunitz dira etxebizitzarekin dagoen arazoaren ondorioz, gazteek eskualdetik alde egiten dutela pentsatzen dutenak. Zehazki, % 88k hala uste du.

Jardunaldia Donamarian

Baztan-Bidasoko Ernai Landa eremuaren etorkizunerako herri alternatiba orain dinamikarekin ari da lanean, eta landa eremuaren etorkizunaren aldeko lehenbiziko jardunaldia martxoaren 18an Donamarian egitekoa dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun