Eneit Bertiz sunbildarrak garaipen handia lortu du Platja D’Aroko nazioarteko mendi bizikleta proban

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 8a, 11:00

Junior mailan larunbateko eta igandeko UCI probak irabazi zituen sailkapen orokorrean ere nagusitzeko. Argazkiak: Amaia Apezetxea

Joan den urtean, junior mailan, mendi bizikletako Nafarroako eta Euskadiko txapeldun izan zen Eneit Bertiz Apezetxea sunbildarra, Katea Bike taldearekin. Aurten, UCI taldea den Saltoki-Conor taldearekin hasi da, ezin hobe gainera. Asteburuan Kataluniako Platja D’Aron jokatutako Volcat Platja D’Aro UCI proban garaile suertatu zen Bertiz junior mailan, larunbateko nahiz igandeko probetan nagusitu ondotik. Aipagarria da kategoria guztietako 200 txirrindulari baino gehiagoren artean hamalaugarren izan zela Eneit Bertiz.

Larunbateko lehen etapan ordubete, 41 minutu eta 55 segundo behar izan zituen Bertizek proba irabazteko. Sprint estuan nagusitu zitzaion UC Gradignan taldeko Julien Hemon frantziarrari. Ia minutuko aldea atera zioten hirugarren izan zen Matisse Van Kerckhove belgiarrari (Origen MTB Team).

Igandeko bigarren etapan ere junior mailan garaile izan zen Eneit Bertiz eta hamabigarren denborarik onena egin zuen, gainera. Oraingoan ordubete, 50 minutu eta 7 segundo behar izan zituen. Zazpi segundoko aldea atera zion IKHP taldeko Nils Johansson suediarrari eta minutu batekoa Bear National Team taldeko Nicholas Konecny estatu batuarrari.

Bi egunetako denborak batuta, noski, junior mailan garaile suertatu zen Eneit Bertiz (3 ordu, 31 minutu eta 58 segundo). Konecny bigarren izan zen (3.34.26) eta Artsport Unica Factory Team taldeko Pol Ferran kataluniarra hirugarren (3.36.07).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun