JUAINAS PAUL ARZAK

«Zurrumurruek eromen kolektibora eramaten gaituzte»

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 12a, 09:00

'Sorginkeriarena gurean' liburua kaleratu du Juainas Paul Arzak historialariak. Sorginkeriaren inguruko mito, errealitate eta sinismenak bildu ditu, dokumentazio lan sakona eginez

Kasualitatez. Halaxe sortu zitzaion sorginkeriari buruzko interesa Juainas Paul Arzak historialariari. Lagun batek aipatutako kontakizun bat izan zen lehenik, eta ondotik eragina izan zuen Berako Toki Ona Insitututuan irakasle zela aurkitutako giroak eta hainbat harremanek. «Koro Irazoki, Bidasoa Ikerketa Zentroa...». Hasieran interes soila zena, ordea «serio-serio» ikertzen hasi zen jubilatu aitzinean. Orain, 20 urtez ikertutakoa bildu du Pamielak argitaratu duen Sorginkeriarena gurean liburuan. 

Ikerketa lan sakon baten emaitza da liburua, orduak eta orduak eman baititu garaiko kronika eta dokumentazioa biltzen, garaiaren erretratu ahalik eta fidelena lortzeko. Egindako lanaren ondotik, ondorio nagusi bat atera du: «Inkisizioak gurean jende aunitz salbatu zuela eta akelarrea gezur hutsa izan zela». Liburuaren nondik norakoak kontatzeko bere etxean elkartu da TTIPI-TTAPArekin.  

Nola hasi zinen sorginkeria ikertzen?

Idatzita zegoena irakurriz hasi nintzen. Caro Barojarenak, Henningsenak, F. Idoaterenak... Batez ere Gipuzkoan argitaratutako gauzak begiratzen, poliki-poliki. Gero, lan handia eman dit artxibo desberdinetako dokumentuak aztertzeak, Nafarroakoak bereziki. 

Bisita aunitz egin dituzu bertara?

Bada jendea egunero joaten dena, ni hainbertze ez, baina, askotan joan naiz. Gaur egun oso ongi dago, eta arreta ikaragarri ona ematen dizute.

Orain, ikertutako dena 'Sorginkeriarena gurean' liburuan kaleratu duzu. Nolakoa izan da liburua idazteko prozesua?

Kontent artxiboan dokumentazio asko dagoelako eta Nafarroako Artxiboan gorde direlako prozesu horiek. Baina, beste alde batetik hainbeste dokumentu izanda erabaki nuen dena ezin nuela zehatz-mehatz aztertu. Pentsa, dokumentazioan bakarrik milaka orri daude eta egin dudana da ikusi zer gauzatan diren berdinak, non dauden kontraesanak eta hori jorratu. Joskera horrek lan eta denbora ugari eskatu dizkit, baina, gustura aritu naiz. 

«Sorginkeriaren hiru uholde bereizten ditut liburuan»

Sorginkeriaz mintzo garelarik, zein erranen zenuke dela hasiera? Noiz aipatzen da lehenengoz sorgin hitza?

Sorgintza tradizionala eta talde sorginkeria desberdindu behar dira lehenik. Sorgintza tradizionala betidanik egon dela suposatzen da, jendeak ulertzen ez zituen zenbait gauza sorginei leporatzen baitzizkien: uzta txarra, ekaitza, haurdunaldian galdutako umea... Baina gerora eliza kristaua deabruari gero eta pisu handiagoa ematen hasi zen. Deabrua figura zentrala bihurtzen da eta orduan sorginei leporatzen hasten dira ordura arte judutarrei eta herejeei leporatzen zizkieten gauzak: haurrak akatzea, bikoteak lotzea harreman sexualik ez egoteko, deabrua gurtzea... Eta hor sortzen da talde sorginkeriarena. Korronte hori Europatik ailegatu zen, eta batez ere Nafarroa Garaian indartu zen XVI. mende hasieran. Sekulako astakeriak egin zituzten, eskualde ugaritan: Zaraitzu, Erroibar... Beraiei talde sorginkeria leporatu zieten; suposatzen da deabrua gurtzera elkartzen zirela adin desberdinetako emakumeak eta gizonak toki konkretuetan. 

Sorginkeriaren uholdeak daudela aipatzen duzu liburuan. Nola banatzen dituzu zuk?

Nik hiru bolada banatzen ditut. Lehen uholdea 1525etik 1540ra doa. Bi eremutan izan zen sorginen jazarpena: urtarriletik abuztura Nafarroako ekialdean eta abuztutik aitzinera hemen inguruan. 1525ean jendeak bazuen sorginen zurrumurrua, baina, oraindik ez zuten talde sorginkerian sinisten. Baina, gaur egun bezala, zurrumurruek eromen kolektibora eramaten gaituzte. Bigarren uholdea, Anozibarren eman zen 50 urte beranduago, uzta ikaragarri txarrak izan zirelako. Anozibartik Ultzamara eta leku aunitzetara zabaldu zen, zurrumurruek lortzen dutelako astakeria egia bihurtzea. Bigarren uholdearen bukaera eta hirugarrenaren hasiera Araitz bailaran hasi zen, eta handik hona zabaldu zen, Urtubia-Altzateko jaunak eta Fray Leon de Aranibar Urdazubiko apaizak sustatuta. Aranibarren familiak sekulako indarra zuen eta presentzia zuen Arizkunen, Arantzan, Lesakan, Oiartzunen… Kasu guztietan nahastu ziren sorginkeriaren sinismena eta erabilpen interesatua  eta horren barrenean baita politika, muga eta interes sozialak ere. Askotan elkarren arteko haserreen ondotik sortzen ziren sorginkeriaren akusazioak.  

Batez ere Nafarroako Artxibo historikoan dauden artxiboak aztertu ditu historialariak. 

1608. urtetik aitzinera, ordea, bertze dimentsio bat hartu zuen Bordeleko juje zibila ikertzen hasi zelako Iparraldean eta Espainiako Inkisizioa Hegoaldean. Zer gertatu zen orduan mugaren bi aldeetan ikerketa abiatzeko? 

Mugak indar handia izan zuen. Nolabait, mugaren bi aldetan interes desberdin eta kontrajarriak zeuden. Enrike II.enak Frantziako erregetza lortu zuen, eta Bordeletik jujeak bidali zituen herritarrek, urtubiatarrek eskatuta. 

Zergatik? 

Urtubiatarrak konturatu ziren beren menpekoak euren kontra altxatzen ari zirela eta horiek baretzeko modu bat zen sorginkeriarena ibiltzea. Urtubiatarrak, hegoaldean Altzate ziren. Bi aldeen arteko harremana bazen, Hualde Berako apaizak Lancre Bordeletik etorritako jujearen itzultzaile papera egin zuen, eta auskalo zer kontatu zuen, hori ez baitago jakiterik. Jauntxoak borrokan aritzen ziren elkarren artean eta menpekoekin zer esanik ez. Elizak ziren borrokaren eszenatoki: nork zuen lehentasuna ospakizunetan, nork zuen hilobia bertan, hamarrena nork hartu eta nork ordaindu... Borroka izugarria zegoen eta nabarmendu nahia. Hori pixkanaka handituz joan zen, eta Logroñoko auziak indar handia, ikaragarria eman zion horri. 

Nolakoa izan zen Logroñoko auzia?

Logroñon fede auto bat antolatu zuten. Hiriak momentu hartan 10.000 biztanle zituen, eta 30.000 lagun elkartu ziren hura ikustera bertan. Bertara agertu zen Bizkaiko, Burgosko eta leku guztietako jendea. Gertatutakoa biltzen duten bi kronika daude eta kopletan ere bildu zen bertan gertatutakoa eta herriz herri hedatu zituzten. Sekulako indarra izan zuen. Hain haindia izan zen ezinezkoa bihurtu zela epaitzen ari zirena benetan gertatu izana, are gutxiago gero zabaldu zen eromen kolektiboaren ondoren. Hori bai, kontuan hartu behar da botere zibilak zuen tresna: tortura. 

Tortura erabiltzen zuten?

Gordetako dokumentazioan askotan agertzen da hori. Ondoren akusatutakoei beren lekukotzak irakurtzean dena ukatzen zuten. Baina zuri tortura egiten badizute... Askotan agertzen da akusatuen arteko harremanetan aholkuak ematen zizkiotela elkarri, eta akusazioei baietz errateko erraten zutela torturatuak ez izateko. 

«Inkisizioa baino gogorragoan ziren epaile zibilak»

Sorginen kontra tortura ibiltzen zutela erran duzu. Baina, beraiek sutan erre aitzinetik sorginak zirela ukatzen zuten.

Aukera eman behar zieten solastatzeko. Zenbait kasutan aukera eman baino lehen hiltzen ziren. Kasu gutxitan hobea zen sorginak zirela onartuz hiltzea, bertzela etxea kenduko zietelako. Ukapenak ugariak izan ziren, eta funtzionatu zuten inkisizioaren aurrean izan baziren. Iruñeko kartzelan, esaterako, pila bat hil ziren, beste kartzeletan bezala, Logroñokoan adibidez. 

Zer oihartzun izan zuen Logroñok?

Fede autoak oihartzuna 1610ean eta batez ere gerora izan zuen, handik mende batzuetara. Magastonek bertan idatzitako kronika berrargitaratu zuten inkisizioaren kontra irri egiteko, eta alderantzizko efektua izan zuen. Are gehiago, orduan indartu zen Logroñoko auziaren ondorio bat: Akelarre hitzaren erabilpena. 

Justuki Akelarrearen kontzeptua ere aztertu duzu liburuan, eta gezurra dela diozu. 

1525 inguruko prozesuan Iturengo mutiko batek aker larrea deitzen duten paraje bat dagoela dio, antza denez ahuntzendako aproposa dena, ez ardientzat. Beranduago, Orokietan eta Araitzen agertu zen toponimo berbera. Eta Pirinioetan ezaguna zen tokiko hizkuntzetan: lande du bouc, lana da boc... aurkitu daitezke. Gero, Aranibarrek hitz hori erabili eta hedatzen da kontzeptua. Liburuko azken kapituluan ere aipatzen dut, oraindik orain izugarrizko jenio txarrean jartzen naiz hitza erabiltzen dutenean. 

Logroñoko auziaren ondotik, Espainiako Inkisizioak hainbat bisita egin zituen errealitatea beren begietan ikusten, eta hiru inkisidoreen arteko desadostasunak nabaritzen dira. Alde batetik, sorginkekiaren sinisten zuen Juan del Valle eta Alonso Becerra zeuden, eta  eszeptikoagoa zen Alonso Salazar y Frias bertzetik. Zer gertatu zen? 

Bai. Bi haientzako nahiko urrutiko gauza zen eta Valle Urdazubira ailegatzen denean nabaritzen da harrera prestatua ziotela. Nik Urdazubiko Aranibar abadeari leporatzen diot sorginkeriaren ideia berari buruan sartu izana. Logroñora bueltatu baino lehen Araitzera joan behar zuen, bertan bertze prozesu bat martxan zutelako, baina, ez da joaten ere. Ez dakit zein punturaino ez zuen sinisten, ez zuen sinistu nahi edo ez zuen kontraesanik nahi. Kontua da Logroñora itzuli zenean dena zela egia eta fedea, eta sorginak bazirela esan zuela. Fede autoa egin baino lehen, inkisidoreen arteko borroka zegoen, baina prozesua martxan jarria zuten eta ez zuten gelditzerik. Vallek eta Becerrak espero zuten inkisidore orokorrak beraien aldekoei emanen ziela bisita agindua, baina, honek Salazar y Friasi eman zion, eta hau akusazioak arrazionaltasunez aztertzen hasi zen: «Zazpi urteko haur batek erraten duena sinistu behar da? Kontraesanak ez dira onartu behar?». Horretan ibili zen. 

«Poliki-poliki desagertzen hasi zen talde sorginkeria»

Zein izan zen oro har elizaren papera? 

Kontraesankorra. Baziren sorginkerian sinisten ez zutenak, Etxalarkoa adibidez, eta Igantzikoa, hasieran sinisten zuena, eta gero atzera egin zuena. Beste batzuk, adibidez, sorginkeria egiten zela, talde sorginkeria existitzen dela eta deabrua gurtzen dutela sinisten zuten, Aranibarrek bezala. Urdazubiko monasterioak beste eliza batzuk kontrolatzen zituen: Arraiozkoa, Elizondokoa... Sekulako astakeriak egon ziren eta epaiketa oso gogorrak. Behin iritzi horiek kutsatzen hasten direnean gainera eromenak gora egiten du. Astakeriak egin zituzten Zubietan, Elgorriagan, Arraiozen... Eta eskerrak gelditu zutela. Hor bai eskualdeko populazio erdia erori zitekeen susmoetan. 

Azkenean afera 1614an baretu zen isiltasunaren ediktuarekin. Zer izan zen hori? 

Poliki-poliki desagertzen hasi zen talde sorginkeria. Mantendu zen sorginkeriaren sinismena, baina, sorginkeria tradizionalera bueltatu zen. 

Inkisizioak herritar aunitz salbatu zituela diozu liburuan. 

Bai, azken finean inkisizioak salbatu zituen sorginkeriaren kasuan. Baina, bertze kasu batzuetan astoa baino astoagoak ziren, eta tortura ez zuten erabiltzen baina onartzen zuten. Eta gainera jendea erretzea normala iruditu zitzaien. Sorginkerairen kasuan, ordea, salbatu zituen. Horrelako klitxea edo hedatu delako mantentzen da oraindik ere sorginkeriaren kontra egin  zuela, baina salbatu zuen. Askoz gogorragoak ziren kasu horretan epaile zibilak, Lancreren gisan, inkisidoreak baino. 

Sorginkeriaz mintzo garelarik aunitzetan pentsatzen da 1608an Zugarramurdin eta inguruan abiatutako prozesua izan zela lehena, baina liburuan argi gelditzen da ez dela lehenengoa. Zergatik ez dira ezagutarazi orain arte aitzineko denak? 

Zugarramurdikoa oso gogorra izan zen, baina batez ere ospe handia hartu zuen Logroñoko epaiketarekin. Baina, epaiketaren ondotik, benetan eskerrak Salazar y Frias inkisidoreak frogatu zuela akusatuei leporatzen zietenak ez zuela zentzurik, bertzela gure eskualdean, Baztan-Bidasoan milaka pertsona zeuden akusatuak. Eta berak esan zuen hori ez zela posible. Donamarian, adibidez  herritarren %60 hartzen zituzten sorgintzat. Hori ez da inongo burutan sartzen.  Zortea izan zen garai hartan inkisizioko burua, lehen Iruñeko apezpikua izandakoa zela, Rojas, eta garaiko apezpikua Venegas y  Figueroa. Ez zuten sinistu, eta Venegasek bere kabuz ikerketa abiatu zuen. Gainera, hagitz pertsona interesgarria zen eta euskarazko kultur lehiaketak antolatu baitzituen. 

Zer gezur gehiago zabaldu dira garai horren inguruan? 

Adibidez sorgin guztiak emakumeak, adinekoak, itsusiak ahal bada eta erratz gainean ibiltzen ziren irudia, nahiz eta erratzena hemen oso gutxi aipatzen den. Paperak aztertuta ikusten da akusatutakoen bi heren emakumeak zirela eta heren bat gizasemeak, eta adinean askoz gehiago zirela gazteak zaharrak baino. Tximiniarena ere oso kuriosoa da. Gure inguruko baserrietara tximinia oso berandu iritsi zen, Larramendik dioenez  XVIII. mendean oraindik ere etxe gutxi batzuek zuten, eta kea ganbaran barna joaten zen. Eta zabaldu den gezurretako bat da sorginak tximiniatik ateratzen zirela. Europan tximiniak lehenagotik zabaldu ziren, eta horregatik.

«Auzian elizaren papera kontsaesankorra izan zen»

Emakumeak izan ziren sorginkeriaz akusatutako gehienak. Zer paper edo parte hartze zuten horretan gizonek? Misoginiarik bazegoen garaian? 

Elizaren aldetik beharbada. Apaizek amoranteak zituzten ordura arte, baina Trentoko garaian, XVI. mendean hasi zen eliza katolikoa harremanak debekatzen. Horrek ez du esan nahi betetzen dutenik. Horretarako emakumearen papera gero eta itsusiago bihurtzen hasi ziren, amabirjina bakarrik salbatuz. Emakumeak usaia zutela, adinarekin gaitz guztiak hedatzen zituztela… hori erraten zuten. 

Hainbertze urtez auzia ikertu ondotik, zergatik uste duzu hasi zirela sorginen kontrako salaketak? 

Toki bakoitzean motibo desberdinak zeuden, baina gehienak ziren elkarren arteko ezinikusia, bizilagunen artekoa, jauntxo eta menpekoen artekoa, eta politika. Arrazoi sozial, politikoak eta eguneroko kontuak zeuden. Baina batez ere hedatu zelako posibilitate bat, eredu bat. Astakeriak sinisteko gaitasun ikaragarria dugu. Horrek nolabait esateko sorgin gurpil bat sortzen du: horrek zerbait esan dit, gaizki begiratu dit… eta martxan paratzen da.

Gaur egun nola oroitu beharko genuke garaian gertatutakoa?

Astakeria baino gehiago izan zen. Ikaragarria da zer gaitasuna dugun ergelkerietan sinisteko, eta astakerietan erotzeko. Sorginkeriaz mintzo gara, baina juduekin gertatu zen gerora. Astakeriatan erortzeko sekulako gaitasuna dugu. Sorginkeriaren astakeria ukatu beharko genuke, eta adibide gisa erabili berriz errepikatu ez dadin. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun