Malerrekako Garbigune berria otsailaren 6an hasiko da lanean

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 3a, 17:00
Urtarrilaren 13an egin zuten Malerrekako Garbigunearen aurkezpena, baina otsailaren 6an jarriko dute martxan.

Astelehenetan goiz eta arratsaldez, ortzegun arratsaldetan eta hilabeteko bigarren eta laugarren larunbatetan emanen du zerbitzua Donezteben

Eskala txikiko eta kudeaketa zaileko etxeko hondakinei dagokienez, ezinbertzekoa da gaikako bilketa maximizatzea, gainerako gaikako bilketen kalitatea hobetzeko eta 2017-2027ko Nafarroako Hondakinen Planean aurreikusitako helburuak betetzen laguntzeko. Bide horretan beharrezkoa da helburu hori lortzeko aukera emanen duten instalazioak ezartzea; izan ere, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateari dagokio eskualdeko herritar guztien eskura jartzea irtenbide bat, etxeetan edo merkataritza-gune txikietan sortzen diren hondakin arriskutsuak eta/edo kudeaketa zailekoak bereizteko (obra-hondakinak, inausketa, zura, tamaina handiko hondakinak, AEEHak, txatarra, etab.).

Ondorioz, eta Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatea osatzen duten udalerrietan dagoen egoera ikusita, Donezteben garbigune bat prestatu dute, udalerrien beharrak uztartzeko, herritarren zerbitzuaren kalitatea hobetzeko eta indarrean dagoen araudia eta legeria betetzeko. Gainera, garbigune horrek aukera emanen du hainbat objektu eta tresna berrerabiltzeko eta trukatzeko prestaketa areagotzeko eta, aunitzetan, materialen bizitza erabilgarria handitzea ahalbidetzeko eta etxeko hondakinen sorrera murrizteko.

 

Ordutegia

Doneztebeko industrialdean, Leitzarako bidean dagoen instalazio berri hau otsailaren 6an, astelehenean jarriko da martxan, eta honako ordutegia izanen du:

  • Astelehenetan: 09:30etik 13:30era eta 15:30etik 18:00etara.
  • Ortzegunetan: 15:30etik 19:00etara
  • Hileko bigarren eta laugarren larunbatean: 09:00etatik 14:00etara

Informazio gehiago nahi izanez gero, Joseba Sanchez Arizmendiarrietarekin jarri behar da harremanetan, Mankomunitateko hondakinen kudeaketaren teknikari arduradunarekin (687 54 39 90 telefonora deituz edo josebasanchez.luar@gmail.com helbide elektronikoan).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun