Mikele Etxekolonea Diez

«Argentinako bizimodua, ohiturak eta kultura xurgatu ditut»

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 5a, 09:00

«Bizitza xumetasunetik ikasketa modura» bizi duen zubietar gaztea da Mikele Etxekolonea Diez. Naturarekin harremana duen ekintza oro du zaletasun; «lurra lantzea, animalien bueltan aritzea, mendian kirola egitea oinez eta bizikletan…» baita musika entzutea eta sortzea ere.

Filosofia ikasketak egiten ari da, «munduan bizitzeko dugun modua ulertu eta oinarritik eraldatzeko tresnak lortzeko» helburuarekin. Eta munduko herrien bizimoduak ezagutzeko nahi horrek eraman du aurten Argentinara ikastera. Saltako hirian aritu da ikasketak egiten, «baina hara eta hona ibili naiz».

Aukeratutako helmuga

Helmuga hautatzeko aukera izan zuen Etxekoloneak, eta «hiri haundietatik urrunduz», Saltara ailegatu zen, «inongo espektatibarik gabe». Abuztuan joan zen eta otsailean bueltatuko da, beraz, sei hilabete izan ditu herrialdeaz gozatu eta bizimodua ezagutzeko. 

Lehenbizikoz ailegatzean, «bizitzeko erak» harritu zuen gehien; «Argentina europartuagoa egonen zela uste eta esaten zidaten askok. Baina Salta eta Jujuy iparraldean egonik, Boliviako ezaugarri asko dituzte: azal kolorea, ohiturak (kokeatzea, Pachamamarekin harremantzeko ohiturak…), baita hizkuntza ere. Gaztelaniaz mintzatu arren, a ze lanak hasiera batean ulertzeko!».

«Ailegatzean, hango bizitzeko erak harritu ninduen gehien»

Desberdintasun kultural haundiak izan arren, «Euskal Herriarekin antzekotasunak ere harrapatu ditut, batez ere lehenago Lurra eta natura ikusteko eta harremantzeko genuen moduan. Borrokak ere komunean ditugu; identitatea, lurra, meatzeak, suteak…».

«Asko ikasteko»

«Jendearen arteko eta lurrarekiko harremana» da gehien gustatu zaiona; «neurri batean kolektibotasuna mantentzen da, jendearen artean agurtzeko moduan, elkar ikusi eta zaintzeko eran… herri ttikietan batez ere, lurra errespetu haundiz tratatzen dute eta espiritualtasuna mantentzen dute».

Folklorea «oso bizirik» dago; «asko gustatu zait hemengo musika, eta antzekotasunak ere antzeman ditut Euskal Herriko erritmoekin. Siku izeneko haize-instrumentua asko erabiltzen da».

Bizimoduan ez ezik, hezkuntzan ere aldaketak nabaritu ditu; «hemengo ikasketa mailak harritu nau. Filosofia ikasketetan nabarmena izan da aldaketa; emandako gaiak, autoreak, moduak… asko dugu ikasteko. Ailegatu eta lehenbiziko astean asanblea demokratikoa izan genuen zuzendari, irakasle eta ikasleok».

Hala ere, ez da dena ona izan; leku gehienetan bezala, «neska izanik, hirian begiradak, komentarioak, txistuak…» jasan behar izan dituela aitortu du.

Hara eta hona

Argentina ezagutzeko aukera galdu gabe, inguruko herrietara bizikletaz bidaiatuz hasi zen Etxekolonea. «Filosofia ikasten dudan arren, antropologiarekin oso lotura estua dut eta bizikleta horretarako ezinbesteko tresna da».

Hala ere, «azken hilabeteetan Ocumazo izeneko komunitatean ibili naiz lurrarekin lanean, eta unibertsitatean bezain beste ikasi dut bertan; Andeetako produktuak (kinoa, patata, artoa) erein, mahatsa landatu, asto eta zaldiarekin lanean ibili, suarekin kozinatu…».

«Nahiko filosofia eta antropologia eginda», bidaiaren azken txanpa Patagonian mendiaz gozatzen pasatzea erabaki du, «modu batera bizitza sozialetik aldenduz».

«Lurrarekin lanean klasean bezain beste ikasi dut»

Bidaia «ezin aberasgarriagoa» suertatu zaio; «xumetasunetik hartu dut, garbi bainuen ez nuela Erasmus bidaia bat izatea nahi. Hemen esaten den bezala, ahal den neurrian ez nuen criolla bat izan nahi. Argentinara etorrita, naturarekin harremantzeko modua errespetuz xurgatu nahi nuen, baita bizimodua, ohiturak eta kultura ere, eta oso pozik nago lortu dudalako. Ea nola gorpuzten dudan ikasi eta bizitako guztia Europan!». 

Etorkizunera begira

Etxekoloneak argi du etorkizunean Zubietan biziko dela, «baratzearekin eta animaliekin harremanean. Bizitzako denbora ahal den neurrian nire esku egotea da nire utopia, eta Ocumazon hori ikasi eta ikusi dut. Ederra da bizitza bizitzeko besterik ez erabiltzea, behar duguna autogestioan ekoizten».

Bizikletan bidaiatzen ere segituko du: «etxean gustura egon arren, aberasgarria da beste bizimoduak ezagutzea. Asko dugu ikusi eta ikasteko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun