Ioritz Zelaieta Ilarregi

«Laxoak eta paxakak gazteria behar dute»

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 4a, 08:00

Laxoan eta paxakan aritzea gustuko duen oiztarra da Ioritz Zelaieta Ilarregi, eta kirol hauek biziberritzea du helburu

Nola definituko zenuke zeure burua?

Mendia eta kirola gustuko dituen Oizko mutil gaztea.

Zein dira zure zaletasunak?

Orokorrean kirolaren munduarekin zerikusia duen guztia. Mendira zakurrarekin joatea ere aunitz gustatzen zait.

Noiz hasi zinen laxoan eta paxakan aritzen?

Laxoan 13 urte ingururekin hasi nintzen, paxakan, aldiz, 17 urte ingururekin. Ttikitatik herriko plazan ikusi izan ditudan kirolak izan direnez, zaletasuna eta aritzeko gogoa beti egon dira presente.

Beraz, herrian zaletasun handia dago?

Bai, Oizen eta laxoa jokatzen duten bertze herrietan ere zaletasun handia dago herritarren artean.

Nola desberdintzen dira laxoa eta paxaka?

Desberdintasun aunitz dituzte, eta nagusiak hauek dira: Laxoa plaza irekian jokatzen da lau pertsonak osatutako taldeetan, bi eskularru motz eta bi luzerekin, eta pilota ttikiagoa, gogorragoa eta biziagoa da. Paxaka frontoi itxian jokatzen da, hiru laguneko taldeekin eta eskularru motzekin, eta pilota handiagoa, pisutsuagoa eta motelagoa da.

Zenbatero entrenatzen zara?

Gure kabuz entrenatzen garen arren, gustatuko litzaidakeena baina guttiagotan elkartzen gara. Orokorrean, txapelketa hasi aitzinetik hiruzpalau alditan entrenatzen gara.

Nolako esperientziak dira txapelketak?

Eskualdeko txapelketetan parte hartu izan ohi dugu beti eta esperientzia onak dira, hainbat lekutan kirola biziberritzeko aukera eman digutelako.

Zein nahiago duzu, laxoa eta paxaka?

Bietan hagitz gustura aritzen naiz, baina bat aukeratzekotan, laxoa aukeratuko nuke. Herrien artean sortzen den lehiakortasuna eta giroa aunitz gustatzen zaizkit.

Nola ikusten duzu kirol hauen etorkizuna?

Urtetik urtera galtzen ari diren arren, txapelketak eta zaletasuna zutik mantentzen saiatuko gara.

Zure asmoak epe motzera?

Kirol hauetan jokatzen segitzea eta inguruko gazteei parte hartzera animatzea.

Eta epe luzera?

Laxoa eta paxaka ikastetxeetan txertatzeko asmoa daukat burutan, ttikitatik hauen berri izan dezaten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun