Iker Gorosterrazu iturendarrak irabazi du Eneko Barberenaren 'Suak erreko ez balu' liburua

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 30a, 10:30

Eneko Barberena 'Suak erreko ez balu' liburuaren aurkezpenean Arizkunen. Ondikol.

Euskal Nobela Beltzaren Astea izan da Baztanen urtarrilaren 23tik 29ra, (H)ilbeltzak antolatua eta TTIPI-TTAPAk Baztango Udalak emandako Suak erreko ez balu liburua zozketatu du. Eneko Barberena V. (H)ilbeltza bekaren irabazleak idatzi du eleberria eta joan den astelehenean aurkeztu zuen Arizkunen. Zozketaren irabazlea Iker Gorosterrazu iturendarra izan da. Zorionak!

Sinopsia

Aezkoako mendi sute batean hiru mendizale hil eta geroko ikerketan, poliziak bi artzain atxilotu eta espetxeratu ditu. Urtebete geroago, Konpainia izeneko aseguru etxeak Ainhoa Sanz peritua bidaliko du Aezkoara sutea ikertzera, aseguru etxeko bezero diren artzainen inplikazioa argitzeko; Konpainiak diru asko baitu jokoan bezeroak errudun joz gero. Horrela, Nabala herritik abiatuta, Ainhoak ezagutzen ez duen ingurune bat arakatu beharko du egia argitu nahian, Konpainiak jarri dion Joxe gidariaren laguntzaz. Bilaketa horretan, meatzaritza enpresen interesak, artzainen arteko ezinikusiak, Guardia Zibilaren presentzia itogarria, gaueko langileak eta beste hainbat elementu aurkituko ditu.

Beltza da gaua Euskal Herriko oihanean. Su txingarrek emango ote diote Ainhoari bidea aurkitzeko nahikoa argi?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun