Langile falta tarteko lan egiteko manera aldatu behar izan dute Doneztebeko osasun etxean

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 27a, 14:30

Doneztebeko osasun etxeko zuzendaritzak jakinarazi duenez, langile falta tarteko lanerako funtzionamendua eta herritarrak artatzeko sistema aldatu behar izan dute. 

Urtarrilaren 1etik aitzinera pediatrarik gabe daude, orain arte pediatra izandakoak arrazoi pertsonalengatik lana bere borondatez utzi dutelako. Gainera, goizez lan egiten duen mediku bat bajan dago, eta oraindik iazko bestak egunak hartzeko dituzte hainbat langilek. Hutsune horiek betetzeko ezintasuna dutela nabarmendu dute,  Nafarroa osoan dagoen langile falta dela eta. 

Horren guztiaren ondorioz, hainbat aldaketa egin behar izan dituzte pazienteak artatzeko sisteman: 

  • Osasun etxeko eta kontsultorioetako arreta ordutegia 08:00etatik 15:00ak arte izango da hitzordua dutenen kasuan. Ordutegi horretatik kanpo urgentziak artatuko dituzte. 
  • Urgentzietako arreta ez da iriste ordenaren araberako izango, baizik eta pazienteen larritasunaren arabera. Ordena hori zentroko profesionalek zehaztuko dute. 
  • Mediku edo erizainarekin hitzordua  egunean berean izan behar dela uste den kasuetan, egun horretako 08:00etatik 11:00etara deitu beharko da. Ordu tarte horretatik kanpo hartzen diren hitzorduak hurrengo egunerako emanen dituzte. 
  • 70 urtetik behera pazienteen prozesu akutu automugatu guztiak erizaindegian artatuko dituzte lehenbizi, eta erizainak beharrezkotzat jotzen badu, medikuak ere bisitatuko du. 
  • Pediatriako zerbitzua pediatriako erizainak eta familiari dagokion medikuntza orokorreko medikuak emango dute. 

Bertzalde bi gomendio ere egin dituzte: alde batetik autozaintzarekin hobetzen diren osasun arazo arinak daude, eta horiek ez dituztela profesionalek ikusi beharrik, eta bertzetik larrialdi zerbitzuen erabilpen egokia eta arduratsua egiteko eskatu dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun