Errekako judo taldea Nafarroako kirol jokoetan hasi da

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 24a, 18:00

Nafarroako Kirol Jokoetan hasiak dira Errekako kadete eta infantil mailako judokak.

Kadete eta infantil mailakoak hasi ziren urtarrilaren 22an eta alebinak otsailaren 11n hasiko dira

Kadete eta infantil mailako Doneztebeko Erreka judo taldeko judokak joan den igandean, urtarrilaren 22an hasi ziren Nafarroako kirol jokoetan. Errekako lau judoka hasiak dira lehian maila hauetan. Bi kadete; Gaxuxa Zelaieta, 57 kiloz beheitiko kategorian eta Maialen Maritxalar, 63 kiloz beheitikoan. Infantiletan ere bi ari dira; Unai Irigoien, 38 kiloz beheitiko kategorian eta Joanes Juanotena, 50 kiloz beheitikoan.

Txapelketa hauek hiru fasetan banatuak izaten dira, eta hauetan puntuak bilduz, Espainiako txapelketara joateko aukera izan dezakete.

Gaxuxa Zelaieta eta Maialen Maritxalar lehenengoa eta bigarren gelditu ziren beraien kategoriatan, ikaragarrizko maila erakutsi ondotik.

Gaxuxa Zelaieta eta Maialen Maritxalar kadete mailan ari dira lehian.

Bertze aldetik, Unai Irigoienek hiru borroka izan zituen eta errepeskan ipon bat eginez irabazi zuen, hor dagoela erakutsiz. Joanes Juanotenak zorte txarragoa izan zuen, eri zegoela eta, errepeskako borroka bukatu gabe utzi behar izan zuelako.

Joanes Juanotena eta Unai Irigoien infantil mailan ari dira.

Kadete eta infantil mailakoen ondotik, otsailaren 11n alebin mailakoak hasiko dira lehian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun