Ezkurra II.ak pronostikoa bete du eta Kutxabank Masterseko ligaxkan ariko da

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 23a, 12:00
Josetxo Ezkurra doneztebarrak buruz buruko Masters txapelketako finalerdietako ligaxka jokatuko du Ansa II.a eta Barrenetxea IV.arekin batera.

Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak 30-21 irabazi zion larunbatean Galarretan Azpirozi erremonteko banakako Kutxabank Mastersean eta Ansa II.a  eta Barrenetxea IV.arekin batera ariko da finalerdietako ligaxkan.

Larunbateko partidak bi zati izan zituen. Lehenengoan berdintasuna izan zen nagusi, Azpirozek ongi defendatzen eta eusten baitzuen. Markagailua hamabosnako berdinketara arte parekatu joan zen.
Hortik aitzinera, Doneztebeko aurrelariaren trebetasuna gailendu zen. Ezkurra II.ak sakearekin hobera egin zuen eta min gehiago egiten hasi zen. Horri esker, erasora jotzen ez zuen eta gehien bat defentsan ari zen aurkari baten aurka zuloa egin zuen. Hamabosnako berdinetatik 23-16 eta 28-18ra joan zen Ezkurra II.a. Azkenean markagailua 30-21 eta Ezkurra finalerdietako ligaxkan.

 

Urriza galduz baina minik gabe agertu da berriro

Larunbateko jaialdiko bertze protagonista nagusia Javier Urriza izan zen. Galdu arren, Iruñeko aurrelariarengan zeuden begirada guztiak jaialdiko lehen partidan. Larrañagarekin batera, 18an gelditu zen Segurola eta Barrenetxea IV bikain batzuen kontra.
Urrizak ez zuen partida irabazteko beharrezkoa den erritmo izan eta konfiantza falta izan zuen erasoan eta tantoak bukatzeko, baina defentsan maila eman zuen. Partidak eta erritmoa hartzea bertzerik ez zaio falta, eta horrek konfiantza emanen dio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun