Euskal Herriko Mus Txapelketako kanporaketa jokatuko dute bihar arratsaldean Zubietan

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 20a, 20:00

Euskal Herriko XIV. Mus Txapelketak aitzinera segitzen du. Larunbat honetan, urtarrilaren 21ean, Zubietan jokatuko dute, baina otsailaren 26ra bitarte herriz herriko kanporaketa gehiago jokatuko dituzte eskualdean.

Orain arte jokatutakoak

Elizondoko Intza ostatuan abenduaren 11n jokatu zuten. Hamaika bikotek parte hartu zuten eta horietatik bi sailkatu dira Nafarroa Garaiko finalera: Xabi Karrikaburu-Kottoño Bengoetxea eta Garikoitz Larretxea-Aritz Alunda.

Oronozko Gaztelune elkartean abenduaren 29an aritu ziren musean eta parte hartu zuten hamar bikoteen artean, bik lortu dute sailkatzea: Bidane Apezetxea-Egoitz Gamio eta Urki Gortadi-Joxean Gortadi.

Elizondoko Amezti elkartean urtarrilaren 8an aritu ziren. Hamabi bikotek eman zuten izena eta horietatik bi sailkatu dira: Edurne Santesteban-Xabier Mihura eta Iker Plaza-Denis Lizasoian.

Donamariako Herriko Ostatuan joan den larunbatean, urtarrilaren 14an, jokatu zuten kanporaketa. Zazpi bikote bildu ziren, eta horien artean, Nuria Fuejok eta Enkarna Anduezak lortu dute sailkatzea.

Ondoko asteetan jokatu beharrekoak
  • Larunbat honetan, urtarrilaren 21ean, Zubietako Herriko Ostatuan jokatuko dute, 16:00etan.
  • Arraiozko Arizti elkarteak urtarrilaren 28an hartuko du lekukoa, 21:3oean.
  • Leitzan hainbat hitzordu iragarri dituzte:
    • Urtarrilaren 28an, Landaberri tabernan, 16:00etan
    • Otsailaren 4an, Peritza tabernan, 16:00etan
    • Otsailaren 11n, Txoko eta Leitzarra tabernetan, 16:00etan
    • Otsailaren 18an, Leitzarra eta Txoko tabernetan, 16:00etan
  • Erratzun otsailaren 11n jokatuko dute, Izpegiko Bereko Bentan zehazki, 17:00etan.

Horiek dira orain arte iragarri dituztenak.

Martxoaren 11n herrialdeetako finalak jokatuko dituzte eta final haundia martxoaren 25ean Zornotzan (Bizkaia) eginen dute.

Sari ederrak
  • Bikote txapeldunak txapela, ikurra, 3.000 euro eta Karibera lau lagunentzako bidaia hartuko du saritzat.
  • Txapeldunordeek garaikurra, 1.500 euro eta bi lagunentzat Karibera joateko bidaia hartuko dute.
  • Hirugarren bikote sailkatuak 750 euro eta asteburu bateko egonaldia izanen du saritzat.
  • Laugarren bikote sailkatuak 500 euro eta euskaraz ikasteko urte osorako bi matrikula hartuko ditu.
  • Bortzetik zortzigarrenera bitarteko postuetan sailkatutako bikoteei 250 euro banatuko dizkiete.
  • Bederatzitik eta hamaseigarrenera bitarteko postuetan sailkatutako bikoteek 100 euro hartuko dituzte.

Horrez gain, herrialde mailako finaletan txapelak, garaikurrak, asteburuko egonaldiak, bazkariak eta afariak... banatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun