Masters erremonte txapelketan hasiko da Ezkurra II.a doneztebarra

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 17a, 09:00

Masters txapelketa jokatuko duten lau pilotariak, Ezkurra II.a, Ansa II.a, Barrenetxea IV.a eta Azpiroz, Kutxabankeko Arrate Arrizabalagarekin.

Larunbatean Azpirozen kontra jokatu behar duen kanporaketa gainditzen badu, Barrenetxea iV.a eta Ansa II.aren kontra ariko da

Erremonteko Masters txapelketa jokatuko du Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak. Zehazki, urtarrilaren 21ean, larunbatean jokatuko du Galarretan Azpirozen kontrako kanporaketa. Hau gainditzen badu sartuko da urtarrilaren 28an, otsailaren 4an eta otsailaren 11n jokatuko den ligaxkan, Barrenetxea IV.a eta Ansa II.arekin batera. Finala otsailaren 18an jokatuko dute ligaxkako bi lehenbizikoek.

Banakakoan txapeldun izan zen Urriza ez dago txapelketako partaideen artean. Iruindarrak ez du bere burua sasoian ikusten buruz buru jokatzeko nahiz eta binaka hasiko den jokatzen larunbatean bertan. Honela, Barrenetxea iV,.a izanen da faborito nagusia.

Masters Txapelketa 2011n hasi zen jokatzen eta Koteto Ezkurra (2011, 2012), Urriza (2013, 2014, 2017, 2018, 2019, 2021), Xanti Uterga (2015, 2016) eta Barrenetxea (2020, 2022) izan dira txapela jantzi duten lau erremontistak. Hernaniarrak irabazten baldin badu bigarren jarriko litzateke palmaresean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun