«Bortz urteren ondotik borrokan tinko» segitzen dute Baztan-Bidasoko pentsiodunek

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 16a, 15:30

Gaur eguerdian Donezteben egindako elkarretaratzea.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bosgarren urteurrena bete du gaur, eta Baztan-Bidasoaldeko pentsiodunak beranduago hasi baziren ere, urteotan «hainbat aldarrikapen eta salaketa» egin dituztela oroitarazi dute gaur Donezteben egindako elkarretaratzean. Bide horri segitzea «nahitaezkoa» dela gaineratu dute.

«Berriz ere motxila kargatuekin segitzen dugu». Halaxe salatu dute gaur eguerdian Donezteben Baztan-Bidasoaldeko pentsiodunen mugimenduak deituta egin duten elkarretaratzean. Eta gisa berean, mobilizazioak egiten segitzeko beharra azpimarratu dute.

Bertzeak bertze, osasungintzaren egoera kaskarra ekarri dute gogora, eta «okerrera» egin duela gaineratu dute: «Arazoa Nafarroa guztian zabaldua» badago ere, lehen arretako mediku faltagatik «Bortzirietan bortz herrietako jendea inoiz ikusi gabeko egoeran» dagoela kritikatu dute. Hain zuzen, horren harira, urtarrilaren 26an Bortzirietako herri guztietan osasun zerbitzu duina eskatzeko elkarretaratzeak eginen dituztela adierazi dute, eta horren ondotik, hilabeteko azken ortzegunetan elkarretaratzeak mantentzeko duten asmoaren berri eman dute. Baztan-Bidasoko pentsiodunek mobilizazio horiekin bat eginen dutela aitzindu dute, eta Baztanen eta Malerrekan ere zerbait antolatzekotan omen dira: «Egoera nahiko larria da eta zerbait egin behar da».

Bide beretik, Nafarroako Osasun Plataformak egindako bidea ere azpimarratu dute: eskualdean egin dituzten mobilizazioak, udaletan mozioak, arduradunei azalpenak eskatzea... «Herrialdeko udal handienetan aurkeztu dira mozioak, eta garatu diren guztietan onartu dira, nahiz eta Iruñekoan ez dituzten onartu aurkeztutako puntu guztiak».

Pentsioak kalkulatzeko formularen aldaketaz ere aritu dira, eta «aldaketak kantitateak murrizteko» direla salatu dute: «Alde batetik, pentsio aurreratuak 2016an % 44,2 ziren, eta 2022an % 34ra murriztu da. Bertzalde, bizi itxaropena luzatu izana erabiltzen dute pentsioen murrizketarako mehatxutzat. Datuek erakusten dute administrazioak erabiltzen dituen mezuak ez direla errealak eta badagoela pentsio sistema kaskartzeko eta ondorioz eremu pribatura bideratzeko borondate politikoa».

Bertzetik, joan den udan egin zen bizikleta martxaz ere aritu dira gaurko agerraldian, eta horren inguruko liburuxka bat egin dutela oroitarazi dute. Bi eurotan eros daiteke. 

Hurrengo elkarretaratzea otsailaren 20an eginen dute Baztan-Bidasoko pentsiodunek, Lesakan, 12:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun