Doneztebeko garbigune berriak Malerrekako 13 udalerriei emanen die zerbitzua otsailaren 6tik aitzinera

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 13a, 14:00

Gaur goizean egin dute Malerrekako Garbigunearen aurkezpen ofiziala Donezteben. Otsailaren 6an hasiko da hamahiru herrietako 5.700 bizilagunei zerbitzua ematen.

Instalazioa Nafarroako Gobernuak finantzatu du 594.000 euro baino gehiagorekin, eta eskualdean bizi diren 5.700 pertsonen eskura jartzen du hondakin arriskutsuak eta kudeaketa zailekoak bereizteko irtenbide bat

Donezteben garbigune berri bat martxan izanen dute otsailaren 6tik aitzinera, Malerrekako 13 herriei zerbitzua emanen diena. Instalazioak Nafarroako Gobernuak finantzatzen du 594.512 eurorekin, eta eskualdean bizi diren 5.700 pertsonen eskura jartzen du hondakin arriskutsuak eta kudeketa zailekoak bereizteko irtenbide bat. Gaur egin dute inaugurazioa eta bertan izan da Itziar Gomez, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilaria, Nafarroako Gobernuko, Malerrekako eta Bortzirietako Mankomunitetatetako, Baztango udaleko eta Nafarroako Hondarkin Partzuergoko arduradunekin eta Malerrekako udal ordezkariekin batera batera.

Itziar Gomez kontseilariak zerbitzu hau Malerrekan ere eskaintzearen garrantzia azpimarratu du, izan ere, «eskualde honi puntu garbi bat ematea funtsezkoa zen herritarrei gaikako bilketaren ohiko kanaletan utzi ezin diren hondakinak behar bezala kudeatzen laguntzeko».

Bertzalde, Malerrekako Mankomunitateko lehendakari Jon Telletxeak aipatu du garbigune berriak eragin positiboa izanen duela ingurumenean, «hobe birziklatzen eta ezarritako helburuak betetzen lagunduko baitigu. Egun garrantzitsua da Malerrekarentzat eta gainerako herrientzat, ezinbestekoa baita hondakinak ongi tratatzeko eta ingurumena errespetatzeko».

Azpiegitura hori egiteko inbertsioa 638.045 eurokoa izan da. Lurralde Kohesioko Departamentuak kudeatzen duen 2017-2019ko Toki Inbertsioen Planak 344.512 euro jarri ditu, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak kudeatzen duen Urte anitzeko Etxeko Fluxuaren 2021-2023 Hondakinen Funtsak 250.000 euro eman ditu. Bertzade, Nafarroako Hondakinen Kontsortzioak osatuko du finantzaketa, Malerrekako Mankomunitatearekin inbertsio horretarako ekarpen bat hitzartua baitu, aurten 77.000 euroko gehieneko mugarekin.  

Astelehenetan, ortzegunetan eta hilabeteko bigarren eta laugarren larunbatetan zabalik

Garbigunea astelehenetan 09:30etik 13:30era eta 15:30etik 18:00etara, ortzegunetan 15:30etik 19:00etara eta hilabeteko bigarren eta laugarren larunbatetan 09:00etatik 14:00etara egonen da zabalik.

Orain arte, Malerrekako Mankomunitateak garbigune mugikor bat eta bi etxola zituen, eta instalazio berriak hondakinen kudeaketa egokiarekin lotutako zerbitzu-beharrak osatuko dizkie eskualdean bizi diren 5.700 pertsonari baino gehiagori.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun