Euskal Herriko Mus Txapelketako kanporaketa jokatuko dute larunbatean Donamarian

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 10a, 19:00
Joan den urteko edizioan hartutako irudia.

Joan den urte hondarrean eman zioten hasiera Euskal Herriko XIV. Mus Txapelketari eta otsailaren 26ra arte, herriz herriko kanporaketak jokatuko dituzte. Dagoeneko Elizondon eta Oronoz-Mugairin egin dituzte, larunbat honetan Donamariak hartuko du lekukoa eta urtarrilaren 28an eta otsaileko hiru larunbatetan Leitzan jokatuko dituzte kanporaketak.

Orain arte jokatutakoak

Elizondoko Intza ostatuan abenduaren 11n jokatu zuten. Hamaika bikotek parte hartu zuten eta horietatik bi sailkatu dira Nafarroa Garaiko finalera: Xabi Karrikaburu-Kottoño Bengoetxea eta Garikoitz Larretxea-Aritz Alunda.

Oronozko Gaztelune elkartean abenduaren 29an aritu ziren musean eta parte hartu zuten hamar bikoteen artean, bik lortu dute sailkatzea: Bidane Apezetxea-Egoitz Gamio eta Urki Gortadi-Joxean Gortadi.

Elizondoko Amezti elkartean urtarrilaren 8an aritu ziren. Hamabi bikotek eman zuten izena eta horietatik bi sailkatu dira: Edurne Santesteban-Xabier Mihura eta Iker Plaza-Denis Lizasoian.

Ondoko asteetan jokatu beharrekoak
  • Larunbat honetan, urtarrilaren 14an, Donamariako Herriko Ostatuan jokatuko dute, 17:00etan.
  • Leitzan hainbat hitzordu iragarri dituzte:
    • Urtarrilaren 28an, Landaberri tabernan, 16:00etan
    • Otsailaren 4an, Peritza tabernan, 16:00etan
    • Otsailaren 11n, Txoko tabernan, 16:00etan
    • Otsailaren 18an, Leitzarra tabernan, 16:00etan

Horiek dira momentuz iragarri dituztenak.

Otsailaren 26ra arte herriz herriko fasea izanen da eta martxoaren 11n herrialdeetako finalak jokatuko dituzte. Final haundia, berriz, martxoaren 25ean Zornotzan (Bizkaia) jokatuko dute.

Sari ederrak
  • Bikote txapeldunak txapela, ikurra, 3.000 euro eta Karibera lau lagunentzako bidaia hartuko du saritzat.
  • Txapeldunordeek garaikurra, 1.500 euro eta bi lagunentzat Karibera joateko bidaia hartuko dute.
  • Hirugarren bikote sailkatuak 750 euro eta asteburu bateko egonaldia izanen du saritzat.
  • Laugarren bikote sailkatuak 500 euro eta euskaraz ikasteko urte osorako bi matrikula hartuko ditu.
  • Bortzetik zortzigarrenera bitarteko postuetan sailkatutako bikoteei 250 euro banatuko dizkiete.
  • Bederatzitik eta hamaseigarrenera bitarteko postuetan sailkatutako bikoteek 100 euro hartuko dituzte.

Horrez gain, herrialde mailako finaletan txapelak, garaikurrak, asteburuko egonaldiak, bazkariak eta afariak... banatuko dituzte.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun