Doneztebe Futbol Taldeak hamargarren urtez antolatutako Eguberrietako areto-futbol txapelketa jokatu zen abenduaren 23tik 31ra. Hamasei talde aritu ziren lau multzotan banatuak.
Lehen fasearen ondotik, multzo bakoitzeko bi lehenbizikoek final laurdenetarako sailkapena lortu zuten eta irabazleek finalerdiak jokatu zituzten. Arantzako taldeak 1-5 galdu zuen Ultzamako Bastinazo taldearen kontra eta doneztebarren arteko lehian, Manchester Titik 3-2 irabazi zion Tzelziri.
Finalean ez zen kolorerik izan eta Bastinazo taldea 10-0 nagusitu zitzaion Manchester Titiri. Hirugarren posturako lehia estuagoa joan zen eta arauzko denboran launa berdindu ondotik, Arantzak penaltietan irabazi zion Tzelziri.
Banakako sariak
Banakako sariak ere eman zituen Doneztebe Futbol Taldeak. Txapelketako jokalari onenaren eta golegile nagusiaren sariak Bastinazo taldeko Iker Ansorenak eskuratu zituen eta txapelketako atezainik onenarena Tzelziko Iñaki Maylinek. Finaleko jokalari onena Bastinazo taldeko Ander Arbilla izan zen.