Euskal Artzainen Museoaren urteurrena liburu berri batekin ospatu dute Elgorriagan

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 2a, 08:00
Joan den ortziraleko ekitaldian parte hartu zuten Ameriketan ibilitako zenbait artzainek ere. Argazkia: Alicia del Castillo

Joan den urtean 2.500 bisitari izan zituen museoan zenbait berrikuntza eta aldaketa ere aurkeztu dituzte, tartean ardi kanpoko soinuak aditzeko aukera

Duela urtebete ireki zuten Artzain Amerikanoen Museoa Elgorriagan. Abenduaren 30ean museoaren lehen urteurrena ospatu zuten eta, bidenabar, ardi kanpoko soinuak aditzeko aukera izan zuten eta Euskal Artzainak Ameriketan Elkarteak argitaratu duen liburuaren aurkezpena ere egin zuten ortziralean. Malerrekako 200 bat artzain baino gehiagori buruzko datuak eta argazkiak bildu dituzte liburu honetan.

Aitzinetik, txistulariek lagunduta bisita gidatua egin zuten. Izan ere, Museoan zenbait berrikuntza egin zituzten joan den urtean, Nafarroako Parlamentuan onartutako emendakin baten bidez. Aurtengorako ere onartu dituzte laguntzak, beraz, museoa hobetzen joateko aukera izanen dute, artzain amerikanoen historia ezagutzera ematen segitzeko. Aipatzekoa da joan den urtean 2.500 lagunek bisitatu zutela Artzain Amerikanoen Museoa Elgorriagan.

Artzainak liburua esku artean dutela. Argazkia: Alicia del Castillo

Urteurreneko ekitaldian izan ziren Nafarroako Gobernuko ordezkariak ere: Pello Pellejero, Kanpo Harremanetarako zuzendaria eta Museoen ataleko Mikel Ozkoidi, baita Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko ordezkariak ere.

Malerrekako artzainei buruzko liburu hau 15 eurotan eskura daiteke museoan bertan edo Doneztebeko Ostiz papertegian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun