‘Nafarroa Koloretan’ kulturarteko ipuin ilustratuen lehiaketan saria lortu du Iciar Mikelperizenak

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 26a, 10:00
Iciar Mikelperizena (eskuinetik hasita lehena), gainerako saridunekin eta Eduardo Santos Itoiz, Nafarroako Gobernuko Justizia eta Migrazio Politiketarako kontseilariarekin.

6-12 urte arteko haurrei zuzendutako ‘Kattin eta Puxker’ izan da euskaraz aurkeztutako lan bakarra

Mallorkako Javier Ruiz eta Nicolás Alba Rico madrildarrak, irabazi dute Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak antolatutako Nafarroa Koloretan izeneko kulturarteko haur ipuin ilustratuen lehiaketaren, eta 1.400 euroko saria jaso dute. 6-12 urte arteko kategorian, aipamena eta 300 euroko saria hartu du Iciar Mikelperizena Telletxea sunbildarrak Kattin eta Puxker ipuinarekin. Hain zuzen, estatu osotik, baita Mexikotik eta Argentinatik aurkeztutako 30 ipuinen artean Mikelperizenarena izan da euskaraz aurkeztutako bakarra.

Kultura arteko Bizikidetzarako eta Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Ayllu Zerbitzuak antolatu du lehiaketa, eta helburua da kulturarteko haurrentzako ipuinen bilduma propioa sortzea, departamentuko Kolore-eskolak programaren barruan material didaktiko gisa erabiltzeko.

Proiektu honek kultur aniztasunarekin zerikusia duten estereotipo, klixe eta ideia gaizki ulertuen prebentzioa lantzen du, jarrera arrazistak ekar ditzaketenak, eta hezkuntza etapa bakoitzari egokitutako jarduerak proposatzen ditu. Zentzu horretan, ipuinak Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola guztietan argitaratu eta banatuko dituzte, gaztelaniaza eta euskaraz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun