Xanti Uterga doneztebarrak irabazi du Eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 23a, 08:00

Pronostikoak bete eta Eguberrietako erremonte txapelketa-Martiko Sari Nagusia irabazi zuen ortzegunean Xanti Uterga doneztebarrak. Jendetza bildu zuen Labriten jokatutako finalean 30-19 irabazi zion Aimar Jabalera herritarrari. Beraz, beterania gaztetasunari nagusitu zitzaion eta gisa honetara, 2022 urteko lau txapel handiren jabe egin da Uterga: Iruñerrikoa, Nafarroakoa eta Azpeitiakoa binaka eta buruz buruko Eguberrietakoa. Argazkiak: Iñaki Porto

Halere, ortzeguneko finalean indartsu hasi zen Jabalera eta lehen hiru tantoak gazteak egin zituen, Labritera eraman zituen zaleen gozamenerako. Hiruna berdindu zuen Utergak, baina berriz ere Jabalera 3-5 aitzineratu zen. Bosna berdindu zuen berriz ere beteranoak eta hortik aitzinera beti nagusi izan zen markagailuan (8-5, 8-6, 12-6, 12-8, 14-8, 14-9, 17-9, 17-12, 20-12, 20-15, 23-15, 23-16, 25-16, 25-17, 26-17, 26-18, 29-18, 29-19 eta 30-19).

Sakez 5 tanto eta falta bat egin zituen Utergak eta 4 tanto egin eta faltarik ez Jabalerak. Jokoak 17 tanto egin zituen eta 8 Jabalerak eta 6 pilota galdu zituen Utergak eta 8 Jabalerak.

Finalaren aitzineko partidan, Zeberio II.ak eta Otanok 35-30 irabazi zieten Matxin III.a eta Aimar Saldias oiztarrari. Finaleko jaialdian bildutako dirua, Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteari emanen zaio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun