Eguberrietako erremonte txapelketaren finala jokatuko dute Utergak eta Jabalerak abenduaren 22an

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 21a, 16:00

Xanti Uterga eta Aimar Jabalera finalaren aurkezpenean. Ortzegunean Labriten biltzen den dirua Nafarroako Esklerosi Anizkoitza Elkartera bideratuko da oso-osorik.

Ortzegunean 18:30ean Labriten hasiko den jaialdian biltzen den dirua Nafarroako Esklerosi Anizkoitza Elkartera bideratuko dute

Eguberrietako buruz buruzko erremonte txapelketako-Martiko Sari Nagusiko finala jokatuko dute abenduaren 22an Xanti Uterga eta Aimar Jabalera doneztebarrek Iruñeko Labrit pilotalekuan. Ortzegunean 18:30ean hasiko den jaialdirako sarrera 10 euro gostako da eta biltzen den guztia Nafarroako Esklerosi Anizkoitza Elkartearen exoeskeleto proiektura bideratuko da.

Finalaren aitzinetik binakako partida jokatuko dute Zeberio II.ak eta Otanok, Matxin III.a eta Aimar Saldias oiztarraren kontra.

Ondotik, finalean, Doneztebeko beteranoa eta gaztea izanen dira aurrez aurre. Utergak 38 urte ditu eta kasik 20 daramatza profesionaletan. 21 urte bete berri dituen Jabalerak, berriz, bi urte ditu profesionaletan. Belaunaldi arteko talka ikusgarria espero da Labriten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun